Tabiran ikerketa arkeologikoa egingo dute Durangoko herriaren jatorriari buruz gehiago jakiteko

Anboto 2023ko ots. 23a, 14:59

Azterketa burutuko duten ikerlariak eta Durangoko Udaleko ordezkariak gaurko prentsaurrekoan.

Durangoko Udalak ikerketa bat hasi du arkeologian eta geologian adituak diren profesionalekin, herriko eremu esanguratsu biri buruzko historian arakatzeko.

Batetik, Tabirako elizaren inguruko lurretan egingo dute ikerketa bat, ibaizabal errekaren bi aldeetan, bertan Durangoko herriaren jatorrizko arrasto arkeologikorik ba ote den jakiteko. Ikerketaren bigarren ildoa Mikeldiko idoloa agertu zen eremuan egingo dute, garai bateko San Bizente ermitaren inguruari buruzko informazioa eskuratzeko asmoz. Adituek azaldu dute Mikeldiko idoloa testuinguruan ipini ahal izateko arrastoak topatu gura dituztela, kontuan hartuta Erdi Aroan Durango eta Bilbo lotzen zituen bidea bertatik igarotzen zela.

Ikerketa taldean Aranzadi Zientzia Elkarteko Antxoka Martínez doktoreak, Espainiako Historiaren Errege Akademiako Luis Valdés doktoreak eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Javier Valles teknikariak parte hartuko dute, 3D ikerketetan aditu diren teknikariekin batera.

Ikerketok georadar baten laguntzagaz egingo dituzte. Hau da, uhin elektromagnetikoekin lan egiten duen tresna bategaz. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsetik ekarriko duten gailu horri eskerrak, lurpean egon daitezkeen geruzak eta berauetan egon daitezkeen etenak identifikatuko dituzte. Ikerketa martxoaren amaiera aldera egitea aurreikusi dute. Horretarako, baina, ezinbestekoa izango da eguraldia lagun izatea. Ikerketa egin aurreko egunetan eta ikerketa egunetan zehar, euririk ez egitea izango da gakoa. Eguraldiak laguntzen duenean, bi-hiru egun emango dituzte georadarragaz eremuak aztertzen; ondoren beste hilabete inguru beharko dute datuak prozesatzeko eta interpretatzeko. 

Udal agintariek iraganari loturiko "zalantzak argitu" gura dituzte. "Gure historian eta jatorrian sakontzen jarraitu gura dugu etorkizunari ezagutza gehiagogaz begiratu ahal izateko", adierazi du Julian Rios alkateordeak gaurko prentsaurrekoan.

Datu gutxi

Durangoko jatorriaren inguruan "datu gutxi" daude Luis Valdés doktorearen esanetan. "Tabirak eliza bat du gaur eta badakigu aurretik gehiago egon zirela. Baita badakigu XI. menditik aurrera enterramenduak egon zirela eta, 2012an egindako lan batzuengatik, badakigu eremu hartan bertan VIII. eta XIX. mendeko arrastoak daudela. Baina testuinguru kronologikoak, oro har, oso ahulak dira. Durangoko Merindadeari, Tabirako dorreari eta geroago etorriko zen hiribilduari buruz dauden komentarioak ez dira nahikoak". Ikerketan jatorriari buruzko aurkikuntzak egitea espero du.

Horiz markatuta dago Tabira inguruan ikertuko duten eremua.

Horiz markatuta dago Tabira inguruan, baina errekaren beste aldean, ikertuko duten eremua.

Mikeldiko idoloa agertu zen tokia ere ikertuko dute, horiz markatutako lursailean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!