Durangoko hainbat kamarero Langileen Autodefentsa Sarera batu dira eta Kamareroen Asanblada sortu dute

Anboto 2023ko ots. 21a, 15:01

Ostalaritza-sektoreko langileek lanpostuetan jasaten dituzten "abusuei" aurre egitea eta kamareroen lan-baldintzak hobetzea dute helburu.

Laneko Autodefentsa Sarea (LAS) 2021eko urtarrilean Durangaldeko Kontseilu Sozialistak martxan jarritako tresna da. Orain LASen barruan bildu dira hainbat kamarero eta Kamareroen Asanblada sortu dute. Kamareroen lan baldintzen alde borrokatzea dute helburu. “Babesik gabeko sektorea da ostalaritza, antolakuntza kolektiborako eta lan-baldintzen defentsarako baliabiderik gabea. Lan-hitzarmenak zehaztutako lan-baldintzak sistematikoki urratzen dira eta hobekuntzen konkista ia pentsaezina da kamareroak atomizatuta eta erantzuteko baliabiderik gabe dauden bitartean", azaldu dute ohar batean.

Sektorean gertatzen diren hainbat "abusu" eteteko lan egingo dutela adierazi dute. Ostalaritzan "orokortuta" eta "normalizatuta" dauden "gehiegikerien" artean honakoak identifikatu eta zerrendatu dituzte: "Soldatak izoztuta izatea, dagokien atsedena ez errespetatzea, lan-egutegiak azken orduan jakitea, zortzi ordutik gorako lanaldiak sistematikoki egin behar izatea, ordu estrak lanordu arrunten gisa kobratzea edo, zuzenean, ez kobratzea, eta, beltzean lan egitea eta horrek dakarren zaurgarritasuna istripuen, gaixotasunen, erasoen, kaleratzeen eta abarren aurrean; baita laguntza ekonomiko zein sozialak jasotzero ezintasuna ere".

Kamareroen Asanbladatik eurekin hartuemanetan jartzeko (las.durangaldea@gmail.com) deia egin diete lanpostuetan "gehiegikeriaren" bat jasan dutenei, eta baita lan-baldintzak hobetzeko antolatzeko prest dagoenari ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!