[BIDEOA] 'Durango kantari' ekimena aurkeztu dute

Anboto 2023ko ots. 20a, 14:49

Lehenengo kantaldia domeka honetan izango da, hilak 26, 11:30ean, Andramariako elizpean. Durangoko Udalak eta Egundo I elkarteak elkarlanean sortu dute egitasmoa; egunean bertan, 98 abestiz osaturiko 100 liburu banatuko dituzte, herritarren ere abesteko. 

Asmoa, bi hilean behin egitea dela azaldu du Egundo I taldeko Ramon Castillo kideak. "Oraingo saio honetan hainbat lagunek lagunduko gaituzte, besteak beste, Durangoko Orfeoiko lagunek". Eguazten iluntzeetan geratzen dira taldekideak entseatzeko; une honetan, hamabost lagun inguruk osatzen dute taldea. "Udaleko kultur sailetik zenbait ekimen berri antolatu ditugu azken urteotan kaleak biziberritzeko, besteak beste, Plazara, Dantzaro edota Kulturaro. Durango Kantari ekimen berri bat da, euskal kantutegi tradizionala, modernoa eta beste hizkuntza batzuetako abestiak lau haizetara zabaltzeko. Durango bizi eta alai bat nahi dugu, eta horrelako ekimenek helburu hori lortzen laguntzen dute", azaldu du Julian Rios alkateordeak. 

Liburua PDF formatuan ere eskuratu daiteke lotura honetan. "Abesti klasikoak, eta gaur egungoak uztartu ditugu", azaldu du Castillok. Horrela, Benito Lertxundiren, Gatiburen, Imanolen edota ETSren abestiak kantatuko dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!