'Taberna Atsegina' egitasmoa martxan ipini dute Durangon

Anboto 2023ko ots. 20a, 12:19

Adineko pertsonek herriko establezimenduetako komunak lasai erabiltzeko kanpaina da martxan ipini dutena, Durango Lagunkoia egitasmoak eta Udalak sustaturikoa. Ostalariak deitu dituzte kanpainara batzera.

Durangon Taberna Atsegina egitasmoa ipini dute martxan, herriko pertsona nagusiek komunera joateko izan dezaketen beharrizanari erantzuteko. Dinamika berri hau Durango Lagunkoiak ondu du herriko ostalariekin batera. Orain, Udalak jakinarazi du idatzi bat bidaliko duela tabernetara, kanpainara batzeko gonbitea eginez. Izena ematen duten tabernariek ez dute ezer berezirik egin beharko. Nahikoa izango dute tabernaren atarian Taberna Atsegina dioen pegatina ipintzea. Horrez gainera, gida bat ere jasoko dute, tabernako espazioa adinekoenganako erakargarria izaten laguntzeko. "Jakitun gara ez dela beti erraza izaten kaletik komun publiko erabilgarri bat aurkitzea. Adineko pertsona batzuentzat zailtasun hau beraien herri barruko mugikortasunean muga bilakatzen da, komunik gabeko guneetara joateko ezintasuna eragiteraino. Ekimen honekin gure aletxoa jarri nahi dugu, ahal den heinean lagunduz", adierazi dute Julian Rios alkateordeak eta Mariam Bilbatua zinegotziek.

Bestalde, Udalak aurreratu du kanpainara atxikitako tabernekin mapa bat sortu eta bere web atarian ipiniko duela. Aurrera begira, zozketak eta turismoari begirako kolaborazioak egin gura dituzte Turismo Bulegoagaz. Kanpainan parte hartzeko interesa duten ostalariek bulegoteknikoa@durango.eus helbidera idatzi beharko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!