“Musikaria izatea lanbide bat baino gehiago da niretzat. Bizi proiektu bat da”

Anboto 2023ko ots. 17a, 09:30

Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolan klarinetea ikasten hasi zenean ez zuen imajinatu ere egiten musikak bere bizitzan beteko zuen espazioa hain handia izango zenik. Elena Arbonies klarinetista durangarra Europako musikaririk onenekin ikasten eta esperimentatzen ari da.

Austrian bizi zara. Zertan zabiltza?
Austriako Graz hirian bizi naiz eta Vienara ere asko joaten naiz. Trantsizio momentu batean nago. Izan ere, bigarren masterra amaitzen eta freelance lez lan egiten nabil. Momentu honetan musika garaikidean zentratuta nago. Masterra ere horretan oinarritzen da. Musika klasikoaren zati bat da hori. Gaur egun idazten den musika klasikoa lantzen dut. Jada sortuta dauden proiektuetan parte hartzeaz gainera, masterreko lagunekin talde berri bat sortu dugu.

Masterragaz gustura zaude?
Oso master praktikoa da. Vienako talde bateko kideak dira irakasleak, Klangforum Wien. Musika garaikidearen arloan instituziorik handienetariko bat da. Eurekin gabiltza espezializazioa egiten. Beraz, trebatzen nabil, eta, aldi berean, eurekin jotzen dut.

Zelan azalduko zenuke zer den musika garaikidea?
Musika garaikidea gauza asko dira. Batez ere, esperimentazioan oinarritzen den musika da. Lehen, estiloak egoten ziren. Gaur egun, konpositore bakoitzak bere sorkuntza egiten du eta interpretea konpositoreagaz geratzen da elkarlanean lan egiteko. Musika garaikidean elektronika dago, soinuaren esperimentazioa zaratekin, instrumentu arraroekin, dantzagaz, antzerkiagaz... beste lengoaia bat da. Arlo honetan asko ikasi dut eta oso jende interesgarria ezagutu dut. Norberaren moduan espresatzen den jendea aurkitzea handia da. 

Musika garaikidearen esparru zabal horretan, zer egitea gustatzen zaizu? 
Niri bereziki inprobisazio librea eta performance-a gustatzen zaizkit, antzerkiagaz lotuta dagoen espresioa. Oso indartsua iruditzen zait gorputzaren “gestualitateak” musikagaz bat egiten duenean sortzen dena, musika gorpuzteko prozesu hori.

Maila horretako musikari batek zein dedikazio dauka?
Dedikazio berezi bat da. Musikaria izatea lanbide bat baino gehiago da. Bizi proiektu bat dela esango nuke. Bizi naizen lekuko jendea eta nire inguru soziala musikariak dira. Berba asko egiten dugu musikaz. Era berean, nire nortasuna garatzen duen profesio bat da. Ikasten ari naizenean egiten dudana autoanalizatzen dut eta hobea izaten ahalegintzen naiz, baina ez perfekzionismotik. Beharbada teknikoki edo espresiboki zehatzagoa izan gura duzu, eta, beraz zeure buruagaz etengabe lan egiten duzu hori lortzeko. 

Lanbide exigentea eta perfekzionista dela ematen du. Zelan bizi duzu hori?
Bai, eta konpetentzia eta presioa handiak dira. Zeure burua erakusten ari zara denbora guztian. Eta beste mila ere badaude hori egiten. Ematen du beste zeozer berria ekarri behar duzula. Lanpostu gutxi dago guretzat, irakasle izatea ez bada. Neure burua irakasle legez ere ikusten dut, baina orain musikaria izateko ikasten ari naiz. Musikarientzat pila bat beka eta aukera balego, agian ez litzateke horrela izango. Horregaitik, perfekzionismo hori hor dago. Aurpegi bikoitza dauka: musika askatasun batetik egin gura duzu, baina estresatuta zaude agian ezingo duzulako hori erakutsi. Hala ere, egiten dudanagaz oso eskertuta nago. Inguratzen zaituen komunitatearen araberakoa da dena, eta nik lagun onak aurkitu ditut hemen. Musika, bisio artistikoa eta laguntasuna konpartitzen ditugu. 

Izan duzu erreferenterik ibilbidea hasterakoan? Nondik datorkizu zaletasuna?
Amak musika ikasi zuen, baina gero ez zen musikara dedikatu. Aitak musika asko ipintzen zuen kotxean, baina besterik ez. Hasieran, nire lehenengo esperientzia Euskadiko Ikasleen Orkestran izan zen. Momentu horretan orkestrako kideak ziren nire erreferenteak. José Luis Estellés Musikeneko karrerako irakaslea, adibidez. Entzun nuenean, oso musikari berezia eta klarinetista bikaina zela iruditu zitzaidan. Mirestu egiten dut eta asko inspiratu ninduen aurrera jarraitzeko. Badago emakume biolinista bat ere asko miresten dudana: Patricia Kopatchinskaja. Oso artista famatua da eta bereziki espresiboa eta antisistema da. Musika klasikoaren klixeetatik kanpora dago. Jotzen duenean ume baten moduan pasatzen du. Mutur pila bat esploratzen ditu. Musika klasikoa eta garaikidea lantzen ditu. Emakume hau folketik dator, bere gurasoak hortik datozelako, eta inspiratzen nauen indar eta lotsabakokeria bat dauka. bultzada bat eman dit gauzak apur bat ezberdin egiteko.

Zein musika mota entzuten duzu?
Lehen, musika klasikoagaz hasi nintzenean, beste musika batzuk alde batera uzten hasi nintzen, mainstream izan daitezkeenak, reggaetoia esate baterako, agian interes horregaz buru-belarri nenbilelako. Baina niri musika guztiak gustatzen zaizkit. Kalitatezkoa bada, edozein genero izan daiteke. Beste genero batzuetako artista askok inspiratu naute. Dantza egitea gustatzen zait. Musika bakoitzak bere momentua du. Baina, sakontasuna gura badut, agian musika klasikora eta garaikidera joko dut. Eta, batez ere, musika mota hori zuzenean entzutea gustatzen zait.

Musika 'mainstream' horrek sarritan antzeko ezaugarriak izaten ditu. Sormen aldetik mugatuagoa da?
Musika komertzialaren arazoa da espazio lar handia hartzen duela eta ez duela beste musika batzuentzat lekurik uzten. Batzuetan ematen du ez dagoela beste ezer. Musika komertziala existitzea ondo dago, ni ere erakartzen nau eta entzuten dut. Egia esan, forma, akorde eta erritmo erregularrak dituen musikak erakarri egiten gaitu, ohituta gaude, familiarra denez horregaz identifikatzen gara, horregaz egin gura dugu dantzan. Musika klasiko edo garaikideko kontzertu batean, ostera, entzule legez ahalegin handiagoa egin behar dugu edukiaren konplexutasunagaitik, eta esfortzu horrek atzera botatzen gaitu... baina bueltan ematen dizuna agian handiagoa izan daiteke. Mundu guztia guk egiten dugun kontzertuetara etortzea gura nuke, hurbiltasun hori sortzea. Ez dakit zein den arazoa, agian marketina ere izan daiteke? Musikariok ere askotan isolatuta bizi gara, gure musika guretzat bakarrik eginez. 

Durangoko musika eskolan hasi zinen. Sasoi hartan ez zenuen imajinatuko musikaria izango zinenik.
Eskolaz kanpoko jarduera moduan klarinetea jotzen nuen musika eskolan. Oso leku familiarra zen eta oso giro ona zegoen. Erdi mailako gradua ere bertan egin nuen. Baina garai hartan oso ikasle gutxik jarraitzen zuten goi mailako musika ikasketekin, erdi mailako gradua momentu hartan hasi zelako Durangoko Bartolome Ertzilla Kontserbatorioan. Orain desberdina da, musikari durangar asko dago eta poztekoa da.

Non egon zen inflexio puntua musikara dedikatzea erabakitzeko?
Euskadiko Ikasleen Orkestrarako hautatu nindutenean bultzada handia izan zen eta serioago hartzen hasi nintzen. Musika eskolako irakasleak, Lorena Rodriguezek, asko lagundu zidan, eta Zumaiako klarinetista bategaz (Marixi Sesma) hartu-emanean jarri ninduen, probak prestatzeko.

Hemendik hamar urtera non ikusten duzu zeure burua?
Gatx da esaten. Ez dakit non egongo naizen. Beti datorrenari zabalik egongo naiz. Zeozer esatearren, Donostian bizitzea eta proiekturen bat sortzea gustatuko litzaidake. Euskal Herrian musika garaikideagaz zeozer  egitea gustatuko litzaidake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!