Urki-Hegoalde saihesbidearen azken tartea lizitaziora atera dute

Anboto 2023ko ots. 15a, 13:25

Durangoko Udalak 3,5 milioi eurotan atera du obra lehiaketa publikora. Errepidearen azken tarte honekin, Tabira auzoa eta Montorretako biribilgunea (Ona enpresa eta Alcampo supermerkatua dauden lekua) lotuko dituzte. Saihesbidea bukatzean, ibilgailuen joan-etorria erdigunetik murriztea eta enpresak Eguzkitzara erakartzea gura du udalak.

Herri barruko ibilgailuen joan-etorria gutxitzeko helburua duen proiektua, Urki-Hegoalde saihesbidea, azken fasean sartzea erabaki du Durangoko Udalak. 3,5 milioi euro baino gehiagoko prezioarekin, saihesbideko azken zatia garatzeko lanak lehiaketa publikora atera dituzte. Modu horretan, herriaren kanpoaldetik doan eraztuna zarratuta geratuko da, eta ibilgailuek Tabiratik Abadiño aldera eginda irten ahalko dute herrigunetik, Ona enpresaren eta Alcampo supermerkatua dauden biribilgunera. Horrez gainera, saihesbidea amaitzeak bigarren eragin bat izango du Durangoko Udalaren berbetan. Azpiegitura amaitzea "funtsezkoa" da agintarientzat, horrek Eguzkitzako lurretan "industria sektorea garatzea" ekar dezakeelako. Bestalde, udalak ohar bidez esan du hasierako diru inbertsioa "berreskuratu" egingo dela etorkizunean, Eguzkitzako "lursailen etorkizuneko jabeek ordaindu beharko dituzten urbanizazio kargen bidez". Izan ere, etorkizunean, industria enpresak Eguzkitzako eremuan eta Astolako arloan (Abadiño) kokatuko direla aurreikusi du udalak, bide batez, "eskualderako enplegua ahalbidetuz". 

Urki-Hegoalde saihesbidearen proiektua 2010ean jaio zen EAJk eta PSE-EEk gidatutako gobernu taldearekin. Egungo gobernu taldeak, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak osaturikoak, proiektua "10 urtean geldi" egon dela iritzi dio, eta lizitazio honekin, proiektuaren amaiera "gero eta gertuago" dagoela gaineratu du. "Argi daukagu guretzako proiektu estrategikoa dela" esan dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak. "Orain arte, eta helmugaren arabera, beharrezkoa zen autoak herrigunean sartzea beren ibilbidearekin jarraitzeko. Errepide honen bitartez, Durangoko kanpoalde osoa errepide sarearen bidez lotuta egotea lortuko dugu, beharrezkoak ez diren autoak herrigunera ez sartzea ahalbidetuz”, adierazi dute.

EAJren balorazioa

Durangoko EAJrentzat lizitazioa berri "ona"  da, jeltzaleek "Eguzkitzako industria lurzoruaren garapenaren aldeko apustua" egin dutelako "beti". Gogoratu dute saihesbidearen proiektua 2010ean hasi zela, EAJ agintean zegoela, eta esan dute "gobernu taldearen meritu bakarra" proiektu hari "jarraipena" ematea izan dela. Bestalde, EAJk Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerapen dokumenturari egindako ekarpenak aipatu ditu. Eguzkitzako hainbat sektoreren "eraikigarritasunari eusteko" hainbat ekarpen egin zituela azaldu du, eta gobernu taldeari kritika egin dio "planteamenduetako batek" eraikigarritasun hura "murriztea" proposatzen zuelakoan. Eguzkitzako garapena "modu irmoan" bultzatzeko garaia dela iritzi dio EAJk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!