Musika taldeen bertsio lehiaketa egingo dute Plateruenean

Anboto 2023ko ots. 14a, 19:16

Lehiaketa Río de Oro Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu du. Maiatzaren 20an egingo da, eta talde irabazleak 500 euroko saria eskuratuko du.

Lehiaketara aurkezten den talde bakoitzak musika talde bakarraren bertsioak jo beharko ditu Platerueneko oholtza gainean. Talde bakoitzak 15 eta 20 minutu arteko kontzertua eskaini beharko du jendaurrean. Ikusleen artean epaimahaiko kideak egongo dira, eta haiek izango dira tale irabazlea zein den erabakiko dutenak. Río de Oro elkarteak aurreratu du 500 euroko saria emango diola musika talde irabazleari. Lehiaketan izena emateko riodeorodurango@hotmail.com helbidera idatzi beharko da martxoaren 12a baino lehen. Bertan taldeko ordezkari baten izen-abizenak, taldearen izena, bertsionatuko den taldea eta hartu emanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat utzi behar dira.

Lehiaketarako oinarriak

Río de Orok hainbat oinarri ipini ditu lehiaketarako. Honako hauek dira:

  • 16 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu ahal izango dute.
  • Partaide bakoitzak ezin izango du talde desberdinen kanturik bertsionatu.
  • Talde bera ezin izango da bertsionatu emanaldi batean baino gehiagotan.
  • Taldeak zein bakarlariak onartuko dituzte.
  • Bertsioen musika maila eta eszenaratzea baloratuko dute.
  • Nahitaezkoa izango da bertsioak zuzenean jotzea.
  • Kontzertu bakoitzaren iraupena 15 eta 20 minutu artekoa izango da.
  • Ez dute onartuko mezu arrazistak, homofoboak edo matxistak barne hartzen dituen emanaldirik.
  • Talde parte hartzaile kopuru maximo bat egongo da. Antolakuntzak egingo ditu aurre hautaketak. Parte hartzaileei martxoaren 20an jakinaraziko diete baieztapena.
  • Saria 500 eurokoa izango da talde irabazlearentzat, eta ekitaldiaren amaieran erabakiko da, epaimahai baten bidez.
  • Antolatzaileek saria eman barik uzteko eskubidea izango dute, baldin eta parte hartzaileen kopurua gutxienekora iristen ez bada eta lehiaketa bertan behera gelditzen bada.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!