Juan Olazaran kaleko 17. zenbakian dagoen lonjan jarri dute bilketa gunea. Momentuz, egun bi jarri dituzte: domeka honetan, 11:00etatik 13:30era, eta, datorren asteazkenean, 18:00etatik 20:30era. Aurrerago bilketa egun gehiago deitzeko asmoa dute.
Une honetan gehien behar diren material eta elikagaiak honako hauek dira: arropa, oinetakoak, mantak, xaboia, konpresak, elikagai ez iragankorrak —kristalezko potedunak ez izatea eskatu dute— eta umeentzako gauzak: haur-oihala, esne-hautsa, toallatxoak… Azpiko arropa ere behar dela azpimarratu dute.
Batutakoa Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen bidez helaraziko dute beharra dutenengana. "Elkarte honetako boluntariak gaur joan dira Turkia aldera. Beharrizan handieneko zonaldeak zeintzuk diren aztertu eta han inguruan biltegiak bilatuko dituzte bidalitakoa gordetzeko eta banatzeko", azaldu du Auzo Alai elkarteko Eli Rodriguezek.
Horrez gainera joan zen asteburuan produktuen azoka bat egin zuten eta bertan batutako 230 euroak dagoeneko bidali dituzte Turkiako Eliza Protestanteen Elkartera. Elkarte hau lurrikaran kaltetuak laguntzen ari da. Gura duenak diru ekarpena egin diezaieke zenbaki honetan: IBAN TR92 0006 7010 0000 0032 7167 36.
Auzo Alairen barruko 'El Arbol' elkartearen bidez bideratu dute elkartasun kanpaina. Orain hiru bat urtetik hona beharrean daudenei laguntzen diete eta eurei laguntzeko ekintzak gauzatzen dituzte 'El Arbol' elkartearen bidez.