Durangoko Alde Zaharra (DAZ) elkarteak beste fitxa bat mugitu du hauteskundeen joko-zelai gainean. Elkarteak argibideak eskatu dizkio Durangoko alderdi politiko bakoitzari, "espazio publikoan gauez gertatzen diren portaera bandalikoen eta zaraten" aurrean, talde bakoitzak zein "posizionamendu" duen jakin, eta arazoak konpontzeko zein "ekintza zehatz" egingo duten jakiteko. Elkarteko kideek agerraldia egin dute goiz honetan, eta galdera zehatz hau pausatu dute eztabaidaren mahai gainean: "Berba onak alde batera utzita, alderdi politiko edo koalizio horrek udal-gobernuan sartuko balitz, zein ekintza zehatz burutuko lituzke?", galdetu dute. "Galdera hau erregistratuta zer lortu gura dugun? Bada, botoa zeini eman behar diogun jakitea", azaldu du Jose Mari Arrillaga DAZeko bozeramaileak. Arrillagak "idatzizko erantzuna" jasotzea eskatu du, erantzun hori "hauteskunde programaren" eta "hartu beharreko konpromisoen" parte izan dadin.
DAZek dioenez, auzoko arazoen bilakaera "kezkagarria" izaten dabil. "Egungo aisialdi-ereduak" gaueko atsedena "eragozten" duela, eta hiri-altzariei, garbiketari eta komunitatearen ondasunei "eragiten" diela azpimarratu dute. "Askotan entzuten dugu Alde Zaharrean bizitzen ipini ginenean, bagenekiela non sartzen genbiltzan. Non bizi garen badakigu. Baina guri iruditzen zaiguna da legea betearaziko balitz, gure bizi kalitatea nabarmen hobetuko litzatekeela", azaldu du Agurtzane Irigoras DAZeko kideak. "Hauteskunde kanpainan denek ematen dizute arazoa konponduko duten berba. Zure artean pentsatzen duzu, bai, oraingoan bai, kasu egingo dute, baina gero konturatzen zara ezetz. Jendearen ilusioekin ez jokatzea eskatzen dugu", gaineratu du Irigorasek.
Bestalde, DAZeko kideek jakinarazi dute Zazpi Ordu Lo izeneko plataformara batu direla. Plataforma Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat bizilagunen elkartez osatuta dago. Bertan daude, adibidez, Barakaldoko, Bilboko, Gasteizko edo Donostiako hainbat bizilagun elkarte. Bakarri jardunda "babesgabe" sentitzen direla eta, indarrak batzea erabaki dute, eskariak eta aldarrikapenak aurrera ateratzeko.