Zein egoera bizi dute Tindufeko kanpalekuetan?
Herri sahararrak oso egoera gogorra bizi du errefuxiatuen kanpalekuetan orain 45 urte baino gehiagotik. Bizi diren lekuan ezin dira autosufizienteak izan eta laguntza humanitarioaren menpe daude. Laguntza hori geroago eta urriagoa da. Horregaitik, sasoi hain gogor honetan, karabana solidarioa errefortzu bat da saharar herriarentzat.
Aurten kalitate handiko elikagaiak lehenetsiko dituzue.
Orain arte bidali dugun trailerra Alacantetik Oranera (Aljeria) joan izan da. Aurten, arrazoi logistikoengaitik, ezingo dugu dimentsio handiko trailerrik eraman. Horregaitik, kamioi txikiagoa bidali beharko dugu. Pisu gutxiago garraiatu arren, daramagunak balio berdina edo handiagoa izatea gura genuke. Munduko Elikagaien Programako arduradunekin berba eginda, balio nutrizional eta ekonomiko handiagoa duten elikagaiak batzea erabaki genuen.
Logistikoki, zein bide egiten du kamioiak?
Oranera helduta, Fronte polisarioaren esku geratzen da. Handik Tindufeko kanpalekuetara eramaten dute. Bertan, Ilargi Erdi Gorria erakunde sahararrak antolatzen du banaketa guztia. Modu ekitatiboan egiten dute, kolektibo zaurgarriak kontuan izanda.
Aurtengo kanpainari dagokionez, elikagaienaz gainera kanpaina ekonomikoa ere martxan ipini duzue.
Pandemian Bizum bidezko ekarpenak egiten hasi ginen, ezin genuelako elikagai bilketa egin. Eskoletan eta saltokietan egiten den elikagai bilketa garrantzitsua da, baina diru ekarpena ere inportantea da, oso baliagarria delako kamioiaren karga osatzeko. Durangaldeko herritarren erantzuna urtero lez oso ona izatea espero dugu.
Zein erantzun jasotzen duzue urtero?
Erantzuna oso ona da beti, eta oso eskertuta gaude.
Zein mezu helaraziko zenieke eskualdeko herritarrei?
Badakigu egoera ekonomiko orokorra ez dela ona eta hemen ere badaudela txarto pasatzen dabiltzan familiak. Bakoitzak bere baliabideen arabera egiten du ekarpena eta ulertzekoa da. Oso proiektu beharrezkoa da hau, eta, gatazka politikoa konpondu arte, saharar herriaren aldeko mugimenduak laguntzen jarraituko du.