DRT, Bidezabal eta DKT kirol elkarteei euskara sustatzeko duten konpromisoa aitortu die Bizkaiko Aldundiak

Anboto 2023ko ots. 7a, 13:49
Sarituak Bizkaia pilotalekuko ekitaldian (Argazkia: www.bizkaia.eus)

Atzo Bizkaia pilotalekuan egindako ekitaldian Bizkaian Kirola Ere Euskaraz (BIKEE) egitasmoko lekukoa jaso zuten Bizkaiko 30 bat klubek eta euren artean daude Durango Rugby Taldea, Bidezabal atletismo kluba eta Durango Kirol Taldea.

2017tik martxan dagoen BIKEE programaren helburu nagusiak Bizkaiko kirol-sarean euskararen presentzia areagotzea eta kirolaren bidez euskararen erabilera soziala sustatzea dira. Bizkaiko 30 bat kirol elkarteri arlo horretan egindako lana aitortzeko antolatu zuten atzoko ekitaldia.

"Bizkaiko kirol-ehunak euskalduntze-prozesuan ere erreferente gisa egiten duen lana aitortu eta balioetsi nahi dugu. Zuek zarete benetan lehen lerroan zaudetenak. Hau guztia federazio eta klub, kirolari eta staff teknikoaren artean lortzen ari zarete; ekarpen handia egiten diozue Bizkaiari", adierazi zuen Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!