“Emakumeak ezin ginen protagonistak izan,kontrakoa baino. Alde horretatik, erraketistak aitzindariak izan ginen"

Anboto 2023ko ots. 3a, 11:30

Txelu Angoitia

14 urtegaz, Maite Gorrotxategi Ermutik Bartzelonara joan zen erraketista legez profesionaletan jokatzera. Joan zen domekan, Durangoko frontoia lepo beteta, publikoaren txalo zaparrada jaso zuen. Sasoi hartan egindako lana aitortu zioten. Eskua harro altxatuta agurtu zituen ikus-entzuleak, kantxak sekula utzi ez balitu legez. ‘Ermua’ jokalariaren kasta nabari zaio.

Kantxan aitortza jaso zenuen joan zen domekan. Zelan sentitu zinen?
Zoragarria izan zen. Jendea oso pozik ikusi nuen eta horrek asko poztu ninduen.

Erraketistak bidegileak izan zineten kirolean. Kirolari profesionalak zineten.
Bai, baina ez zegoen ondo ikusita. 'Maritxiko' batzuk ginela esaten ziguten, hobeto geundela etxean bordatzen. Emakumeak ezin ginen protagonistak izan, kontrakoa baino. Alde horretatik, erraketistak aintzindariak izan ginen, zaletasun handia genuen eta.

Zelan hasi zinen erraketan?
14 urte nituela Ermuan bizi nintzen eta Mallabikoak-eta entrenatzera joaten zirela ikusten nuen. Banekien Astelena frontoian entrenatzaile bat zegoela eta bertara joan nintzen entrenatu nintekeen galdetzera. Lanera joan behar nuenez, 07:00etan entrenatu gura nuela esan nion. Eibarrera joaten nintzen, ordubete entrenatu eta trenean lanera joaten nintzen, 09:00etarako.

Zelan eman zenuen profesionaletarako jauzia?
Bartzelonako enpresari bat Astelenara etorriko zela esan zigun entrenatzaileak. Gure jokoa ikusi gura zuen. Zazpi jokalaritik bost fitxatu gintuen. Handik etxera joan nintzen eta amamak esan zidan hori gura banuen joan nintekeela.

Maleta hartu eta Bartzelonara joan zinen.
Maleta egin eta Eibarko geltokira joan nintzen. Bidean, Areitioko emakume baserritar batek maletagaz ikusi ninduen eta maleta karroan sartuta Astelena ondoan utzi ninduen. Trenean joan ginen Bartzelonara. Treneko jatetxean afaldu genuen, oilaskoa. Gutariko batek tortilla fratsesa eskatu zuen. Orduan sasoian oilaskoa jatea gauza handia zen eta galdetu genion ea zergaitik eskatu zuen tortilla oilaskoa egonda. Aiztoagaz eta sardexkagaz jaten ez zekiela erantzun zigun. Bartzelonako gerenteak errespetua ematen zigun eta, mahaian zegoenez, kurioso jan behar. Herri txiki batetik gindoazen. Hasieran hotelean egon ginen, baina gero pisu bat hartu genuen talde horretako hiruren artean.

Zelako esperientzia izan zen Bartzelonakoa?
Jokoan arreta handia ipintzen genuen. Bulegotik begira geneuzkan eta joko-maila jaitsiz gero deitu egiten ziguten. Profesionalak ginen. 

Hain gaztea izanda, zelan bizi izan zenuen aldaketa hori?
Oso esperientzia ona izan zen. Berriro 15 urte banitu errepikatu egingo nuke. Dirua irabazten genuen eta hilero 500 pezeta bidaltzen nituen etxera. Sasoi hartan asko zen. Gainera, oso giro ona zegoen. Beste kirolari profesional batzuekin elkartzen ginen. Barçako futbol jokalariak, waterpoloak, igerilariak, tenislariak...

Zenbat urte egin zenituen profesionaletan?
14tik 19 urtera arte egon nintzen Bartzelonan. Frontoiak zarratzerakoan Mexikora joateko proposamena egin ziguten, baina ezetz esan nuen. Logroñora joan nintzen eta hura ere itxi zutenean Ermura bueltatu nintzen.


Argazkia: Joxe Amantegi. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!