Aramotzeko urbanizazioa berritzeko lanak lehiaketa publikora atera dituzte

Anboto 2023ko ots. 2a, 10:04

Aramotz berritzeko proiektuetako bat, auzoko urbanizazio inguruak eraldatzeari dagokion atala, lehiaketa publikora atera dute. Durangoko Udalak 2.207.199 euroan kaleratu du lizitazioa, horrekin auzoko zoladura osoa aldatu, hiri-altzariak berritu eta Larrinagatxu erreka berbideratzeko.

Obrak egiteko epea 18 hilabetekoa izango da, eta lizitazio prozesua behar bezala egiten bada, lanak udaberrian hasiko dituzte. Lanen zatirik esanguratsuena auzoaren erdiko patiotik igarotzen den Larrinagatxu errekastoa berbideratzea izango da. Berau, auzoaren Mendebaldeko perimetrora desbideratuko dute. Trukean, libre geratuko den patioan, ur lorategi bat sortuko dute. Horrez gainera, auzoko zoladura osoa eta hiri-altzariak aldatuko dituzte. Udalak jakinarazi du obrak Naturan Oinarritutako Irtenbideak hirigintza proiektuaren zati direla. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzarekin partekatzen dute. Azken honek, 1.250.000 euroko diru ekarpena egin dio Udalari.   

Aramotz berritzeko proiektuak hainbat atal ditu. Euretariko bat da Durangoko Udalak lizitatu duen honako hau da. Urbanizaio lanei dagokiena, hain zuzen. Beste atala, etxebizitzetako irisgarritasuna eta energia efizientzia hobetzeko lanei dagokiena, bizilagunek kudeatuko dute. Europar Batasuneko Next Generation funtsak baliatuko dituzte horretarako. Durangoko agintarien berbetan, "Aramotz Berritu azken hamarkadetako proiekturik garrantzitsuenetariko bat da, bai zenbateko ekonomikoagatik, bai egingo diren obra motagatik". Aramotz Durangoko auzorik "ahulenetako bat" dela eta, udala "pozik" dago, "bizilagunen bizitzak hobetzetik hain gertu" daudela ikusita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!