Iker Bilbao (Durango) eta Amaia Agirre (Urnieta) mendizaleek urtarrilaren 19an bizia galdu zuten Fitz Roy menditik jaisten zebiltzala gertatutako elur-jausi baten eraginez. Bi mendizaleen familia eta lagunek diru bilketarako martxan jarri duten webgunean azaldu dutenez, "handik egun batzuetara, senide eta gertuko lagunen talde txiki batek Fitz Royra bidaiatzea erabaki zuen gorpuak berreskuratzen saiatzeko eta dolu-etapa amaitzeko asmoz". Gaineratu dutenez, talde hau alpinista adituek eta boluntarioek osatzen dute. "Kaltetutako familiei laguntzeko helburuarekin euren lanei uko egitea erabaki dute epe mugagabez". Egoera honen aurrean, kontu korronte bat sortzea erabaki dute, Patagoniara joan diren eta kausa solidario honetan murgiltzea erabaki duten pertsonen gastuen finantzazioan laguntzeko.
2023ko urtarrilaren 26an Durangoko Laboral Kutxan zabaldutako kontu korrontea ondorengoa da:
ES97 3035 0014 65 0141233093
Diru bilketaren helburuak
Familia eta lagunek diru bilketaren helburuak argitu gura izan dituzte: "Kontu korronte honetan bildutako dirua Patagoniara joan diren boluntarioen gastu logistikoak eta operatiboak ordaintzeko erabiliko dute elur-jausiak Fitz Royn kaltetutako Iker Bilbaoren, Amaia Agirreren eta Josu Linazaren benetako egoera ezagutzeko. Ez dago inolako espedizio edo erreskate mota finantzatzeko asmorik".
Boluntarioen behar ekonomikoak amaitutzat eman eta kontu korrontean kapitala edukiz gero, erabaki dute kapital hori erabiliko dela Andeetako El Chantel laguntza-batzordeari erreskate-materiala emateko eta, era horretan, etorkizuneko erreskateetan lagundu ahal izateko. Behin helburua betetzen dutenean, kontua itxi egingo dutela aurreratu dute.
"Kontu korronteko erantzuleek notario eta legearen aurrean zin egin dute inork ez duela irabazirik jasoko kontu honetan bildutako diruarekin". Amaitzeko, webgune hau familia eta lagunek bultzatutako finantziazio bide bakarra dela azpimarratu dute.