Oraindik ez dago lekualdaketarako data zehatzik, baina gauza ziurra da Geu Bek Garai jauregian duen egoitza atzean utziko duela laster. Elkartea Intxaurrondoko eraikinera lekualdatuko da, posible bada, "udaberri aldera". Durangoko Udalak bukatutzat eman ditu Intxaurrondoko eraikinean duela hiru hilabete hasitako lanak. Geu Berentzako egokitzapenak egin dituzte bertan. Eta gaur, alde biek, Udal ordezkariek eta elkarteko kideek, bisita egin dute instalazio berritura. Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak adierazi dutenez, Geu Beko kideek "baldintza duinetan dagoen espazio berri batez" gozatu ahalko dute aurrerantzean. Garai jauregiak ez ditu-eta elkartearen "beharrizanak asetzen". Udalak 130.590 euroko inbertsioa egin du lokal berria egokitzeko.
Egokitzapena, "patxadaz"
Geu Be elkarteko koordinatzaile Julen Bengoa bisitan egon da. Jakinarazi du elkarteak oraingoz ez duela lekualdaketa egiteko data zehatzik, baina dena ondo bidean "udaberri aldera" egingo dute. "Denbora luzean egon gara lokal berria itxaroten eta lekualdaketa patxadaz egin gura dugu: sofa berriak, altzariak eta diseinua egin gura ditugu. Lokal txukun bat izan gura dugula eta, ez ditugu gauzak presaka egin gura", azaldu dio ANBOTOri.
Geu Bek San Faustoko eskoletan izan zuen bere lehen egoitza eta Garai jauregian egin ditu azken urteak. Laster Intxaurrondoko eraikinera lekualdatuko dira, herriko beste hainbat elkarteren ondora. Gaur egun, Berbaro, zeramika tailerrak, Izarra elkartearen Astronomia Gela, Errotari mikologia elkartea, Iñurri Skaut Taldea, JAED, Juan de Iciar elkartea, Durangoko Alde Zaharra elkartea daude bertan. Horrez gainera, bertan dute lekua Gazte Informazio Bulegoak, ludotekak, Helduen Hezkuntza Eskolak eta Oinarrizko Lanbide Heziketak. Elkarteen arteko bateratze horrek "sinergiak" sortzeko balioko duela azpimarratu dute udal agintariek.