Laban egitea saihesteko tratamendua ezarriko dute Durangoko Alde Zaharreko lurzoruan

Anboto 2023ko urt. 25a, 13:45

Orain arte proba pilotu bi egin dituzte Alde Zaharreko puntu bitan, eta teknika horren eraginkortasuna "egokia" izan dela ikusita, tratamendua Alde Zahar osora zabaltzea erabaki du Udalak. Zoladuran mikrozulaketa lanak egingo dituzte, kontaktua hobetzeko.

Tratamendua Barrenkale, Artekale, Goienkale, Kalebarria, Komentukale, Andra Mari eta Zeharkalea kaleetan egingo dute, 12.076 metro karratuko eremuan guztira. Lanak udaberrian hasiko dituzte eta bost hilabete iraungo dute martxan ipintzen direnetik. Udalak 145.000 euro bideratuko ditu tratamendura. 

Orain arte proba pilotuak egin dituzte Alde Zaharreko puntu bitan. Emaitzak "egokiak" izan dira Udalaren berbetan, eta horregatik erabaki dute tratamendua Alde Zahar osora zabaltzea. Laban egitea saihesteko neurri honek 8-10 urte irautea aurreikusi dute. Alde Zaharreko lurra labaingarria izan ohi da egun euritsuetan. Udalak "bizilagunen eskaerei erantzutea eta haien segurtasuna zaintzea" gura du neurriagaz. 

Zarata Mapa

Bestalde, Udalak lizitaziora atera du Zarata Mapa egiteko proiektua. Udalerri osoan egon daitezkeen arazo akustikoak aztertzeko ikerketa egitea du helburu. Tresna horrekin, kutsadura akustikoa murrizteko neurriak hartu gura dituzte etorkizunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!