Abesti Feministen V. lehiaketan inskribatzeko epea, zabalik

Anboto 2023ko urt. 23a, 17:00

Finala martxoaren 18an jokatuko da Plateruenean. Aurkezten diren lehiakide guztien artetik, finalean 12 musika talde edo bakarlari egongo dira sorkuntzak zuzenean defendatzen. Lehiaketan izena emateko epea otsailaren 17ra arte dago zabalik.

Genero aniztasuna goresten duten kantuak, desberdintasunak azaleratzen dituztenak, maitasuna jabekuntzatik ulertzen dutenak edo estereotipoak saihesten dituztenak. Horiek guztiak eta gehiago. Durangoko Udalak abesti feministen lehiaketa antolatu du emakumeak ahalduntzeko ekarpen bat gehiago egiteko asmoz. Aurtengo edizioa bosgarrena izango da, eta finala Plateruenean jokatuko da, martxoaren 18an. Lehiaketara kantu bat aurkeztu gura duenak horretarako aukera zabalik izango du otsailaren 17ra arte. Gero, martxoaren 7tik martxoaren 18ra bitartean herritarrek abestirik gustukoena aukeratu ahal izango dute Durango Berdintasuna izeneko Facebook orrian. Atsegite gehien lortzen dituen bideoaren egilea 350 eurorekin sarituko dute. Euskarazko abestirik onena beste 350 eurorekin, eta finalista gelditzen diren guztiek, beste 150 euro.

Gainerakoan, kategoria bitan banatutako sariak egongo dira. 30 urtetik beherakoentzako sariak eta 30 urtetik gorakoentzakoak.  Lehenengoen kasuan sari bi egongo dira: bakarlari batek egindako abestirik onena (600 euro) eta talde batek eginiko abestirik onena (beste 600 euro). 30 urtetik gorakoen kasuan, 500 euro jasoko ditu bakarlarien abestirik onenak, eta beste 500 talde batek eginiko abesterik onenak. 

Jasotako proposamen guztien artean 12 finalista aukeratuko dituzte. Horiek denek emanaldia egin beharko dute martxoaren 18an, Plateruenean. Talde edo bakarlari bakoitzak kantu birekin parte hartu ahal izango du gehienez, eta 10 minutuko denbora mugarekin. Lehiaketan izena emateko epea otsailaren 17ra arte dago zabalik. m8lehiaketa@gmail.com helbidera idatzi beharko da horretarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!