“Pertsona asko tabernara bezero modura etortzen hasi ziren eta gaur egun lagunak dira”

Jone Guenetxea 2023ko urt. 20a, 11:25

Ritxar Beltranek 20 urte bete ditu Gorbea tabernan. Urteurrena ospatzeko, pintxoak banatuko dituzte zapatuan, egunean zehar. Fundiziotik tabernara joan zela hamarkada bi pasatu direla eta, egindako ibilbideagaz pozik dago abadiñarra. 

20 urte joan dira Gorbea taberna hartu zenuela. Zelan bururatu zitzaizun tabernari izatea?
Fundizio batean lan finkoa nuen, baina han zikin asko dago eta bederatzi urte lanean egin nituenean osasunean igartzen hasi nintzen. Gaztea nintzela eta aldatu beharra nuela pentsatu nuen. Nire aurretik anaia batek zeraman taberna eta bertako lana ezagutzen nuen hartu aurretik.

Ostalaritzan aritutakoa zinen?
Asteburuetan estra legez lan egiten nuen. Astean zehar fundizioan, eta asteburuetan tabernetan lan egiten nuen, kostaldean zein Iurretan.

Aldaketa handia izango zen.
Hainbeste urtean gauza bera egiten duzunean aldaketa handia da. Lan aldaketa igarri nuen gehien, baina gero tabernako lana ez zen berria izan.

Zelakoa izan da 20 urteko ibilbidea?
Lehenengo 15 urteak oso arin pasatu ziren. Baina koronabirusaren momentua oso gogorra izan zen. Ezjakintasun hori oso gogorra izan zen. Familia osoarengan pentsatu behar duzu.

Beste 20 urte emateko sasoian zaude?
20 urte egin ditugu eta ea beste 20 ere egiten ditugun. Dena dela, ostalaritzan hamarkada bi astunak izan daitezke. Egunero ordu asko dira. Besteak ondo pasatzen ari direnean zu lanean zaude.

Asko aldatu da ostalaritza Alde Zaharrean?
Asko. Hasieran Alde Zaharra ez zen oinezkoentzat. Jendea kotxeagaz etortzen zen eta giro gehiago egoten zen. Peatonalizatu denetik asko bajatu da. 

Eta gauak?
Ohiturak aldatu egin dira. Lehen, kanpotik ere etortzen zen jendea Durangora. Orain hemengoak beste leku batzuetara joaten dira: Bilbora, Eibarrera, Elgoibarrera... Giroa ere aldatu egin da. Lehen rockeroagoa zen. Nik neure modura jarraitzen dut. Giro euskalduna eta musika euskaldun eta rockeroa.

Eta Athleticek ere badu bere lekua.
Bai, jendea partidua ikustera etortzen da eta giro polita sortzen da.

Jendeak protestatu egiten du prezioengaitik. 
Prezioetan ni neure kontura noa. Goienkaletik beti egoten da alde apur bat. Merkatuaren arabera barik, bezeroaren arabera ipintzen ditut prezioak. Jendeak ez dauka soberan eta hobe da bezeroak mantentzea apur bat gutxiago irabazita. 

Urteurrena ospatzen zabiltzate. Zer esango zenieke bezeroei?
Urteotan pazientzia itzela izan dutela. Pertsona asko, tabernara bezero modura etortzen hasi ziren eta gaur egun lagunak dira. Jendea nigaz ondo portatu da, momentu onetan zein txarretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!