Metalgintzako bost beharginek Durangoko epaitegian deklaratu dute gaur

Anboto 2023ko urt. 18a, 14:41

Sindikatuetako kideak epaitegiaren aurrean batu dira beharginei babesa adierazteko. Beharginek greba eguneko "piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzegatik" deklaratu behar izan dute, sindikatuen arabera.

LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuetako kideak Durangoko epaitegiaren aurrean batu dira gaur, metalgintzako greben harira deklaratzera deitu dituzten beharginei babesa adierazteko. Sindikatuek jakinarazi dutenez, Durangoko epaitegian 5 beharginek deklaratu dute, baina azkenengo egunetan, Bilboko eta Barakaldoko epaitegietan ere beste hainbat beharginek deklaratu dute. Salaketen arrazoia "askotarikoa" da sindikatuen berbetan. "Desordena publikoa" edo "agintearen aurkako atentatua", besteak beste. Horrez gainera, langileek 150 eurotik 900era doazen isun ekonomikoak jaso dutela kritikatu dute. 

Sindikatuen arabera, salaketa guztiak "Ertzaintzak egindako muntaketetan oinarrituta" daude. Ertzaintzari egotzi diote "langileak eta sindikatuetako ordezkariak mehatxatzen eta jipoitzen ibiltzea". 7 pertsona ospitaletik pasatu behar izan direla ere gaineratu dute, greba orokorretako "mobilizazioetan erabilitako basakeria polizialaren ondorioz". 

Joan zen urtean, sindikatuek 11 greba egun egin zituzten patronalari Bizkaiko hitzarmena eguneratu zedin eskatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!