Durangoko emakumeen kartzelan errepresaliatutako biktimak omenduko dituzte zapatuan

Ekaitz Herrera 2023ko urt. 18a, 12:59

Omenaldi ekitaldia 13:00ean izango da Nevers ikastetxean. Plaka bat ipiniko dute kartzelan hil ziren emakumeen eta haien seme-alaben izen abizenekin.

Milaka emakume presok errepresio frankista gogorra jasan zuten Durangoko emakumeen kartzelan. 5 emakume eta 6 ume hil ziren bertan. Hori dela eta, Durangoko Udalak, elkarte feministek eta memoria historikoa lantzen duten eragileek omenaldi ekitaldi bat egingo dute zapatuan. Udalak "zor historiko" bat kitatu gura du horrela. Gaur prentsaurrean azaldu dutenez, ekitaldia egin eta plaka bat ipiniko dute garai bateko kartzela egondako eremuan, Nevers ikastetxean, hildako biktimen izen-abizenekin. Ekitaldia 13:00etan hasiko da. Bertan Durangoko elkarteek eta herritarrek parte hartuko dute. Besteak beste, Maria Gorosarri kazetari eta irakasleak, Leire Vargas idazleak eta Ixone Aroma dantzariak parte hartuko dute. Ondoan izango dituzte Durangoko eragile feministak eta memoria historikoa lantzen duten elkarteak. Andereak eta Gerediaga, adibidez. 

Ima Garrastatxu alkateak zapatuko aitortzaren garrantzia azpimarratu du. "Herritarrak egunero-egunero pasatzen gara kartzela egon zen lekuaren ondotik. Omenaldi hau egiteke genuen. Kartzela emakumeen zigorleku izan zen. Garrantzitsua da aitortza", adierazi du. Julián Ríos alkateordeak ere antzerako berbak izan ditu. Emakumeen kartzela "ahanzturatik" ateratzeko deia egin du. Andereak elkarteko Isabel Iraurgik, bestalde, orain arteko egindako memoria ariketak gogoratu ditu: Maria Gorosarrik emakumeen kartzelari buruzko ikerketa egin zuen Astola aldizkarian. 2021eko Agurrik Gabeak ekitaldia emakumeen kartzela oinarri hartuta egin zuten. Andereak elkarteak berbaldiak antolatu izan ditu. Eta zapatukoak mugarri berri bat ezarriko du.

Durangoko emakumeen kartzela 1939tik 1940ra egon zen martxan. Frankistek mila bat emakume antifrankista giltzaperatu zituzten han. Euretako asko seme-alabekin. Bost emakume eta sei ume bertan hil ziren. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!