Andra Mariko elizpea birmoldatzeko lanak hasi dituzte

Anboto 2023ko urt. 17a, 11:37

Lanek zortzi bat hilabete iraungo dute. Arkupearen egitura sendotzeko lanak egingo dituzte nagusiki.

Durangoko Udalak Andra Mariko elizpea konpontzeko lanak hasi ditu. Arkupea konpontzeko lanak egingo ditu gehienbat. Hori dela eta, zeramikazko teilak kendu beharko dituzte. Horrez gainera, elizpearen bueltan aldamioa ipiniko dute elementuak bide publikora jaustea ekiditeko. Eta barrualdean ere bigarren aldamio bat ipiniko dute, modu horretan egurrezko arkuetan konponketa lanak egin ditzaten. Elizpeko zoladura babeste aldera, udalak hormigoizko zola ipiniko du arkupearen azalera osoan. Lanak bi fasetan egingo dituzte eta zortzi bat hilabete iraungo dute. Udalak 620.824 euroko inbertsioa egingo du. Kopuru horietako 200.000 euro diru laguntza publikoetatik datoz. Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríosek azaldu dutenez, gune historiko honi merezi duen tratua emateko garaia" da. "Lehenengo urratsa egitura sendo bat jartzea da, segurtasuna bermatzeko. Lanen ondoren, Durangon dugun gune polit eta sinbolikoenetako batez gozatu ahalko dugu berriro", gaineratu dute. 

Andra Mariko elizpea Europako arkuperik handienetakoa da. 1676an hasi ziren eraikitzen. Armadura Martin de Gabiria arotzak diseinatu zuen. Harrizko zutabeak, berriz, Domingo de Barraicua harginak egin zituen. 1681ean amaitu zituzten eraikitze lanak. Durangoko eraikinik esaguratsuenetakoa da. Bonbardaketen testigu, Durangoko Azokaren lehenengo kokaleku izan da. Horrez gainera, zenbaezinak dira aterpeari eskerrak bertan egin diren merkatu eta kultur egitasmoak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!