Pentsiodunen mugimendua: 5 urte astelehenero-astelehenero aldarrikapenak kaleratzen

Ekaitz Herrera 2023ko urt. 11a, 11:20

Durangoko pentsiodunek iazko irailean egindako mobilizazio bat.

Urtarrilaren 16an mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herriko plazetan. Durangoko kideak udal plazan batuko dira 12:00etan. 

Bost urte pasatu dira pentsiodunek kalera irten eta astelehenero-astelehenero mobilizatzeari ekin ziotenetik. Ondo gogoan dute zein izan zen kalera irteteko askotariko arrazoien artean inflexio puntua eragin zuena: Ordu hartako Espainiako gobernuko Fátima Báñez Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroak pentsioak %0,25 igotzeko hartu zuen erabakia. Pentsiodunek gobernuaren "tratu txarrak" salatu zituzten urte luzez, baina erabaki hura izan zen herritar erretiratuak kalera irtetea eragin zuen txinparta.

Gaur, bost urte geroago, Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua "lortutakoa ospatzen" dabil. "Pentsioen Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela erakustea, Iraunkortasun Faktorea indargabetzea" eta pentsioak "erdira murriztu gura  izateko erabakiak saihestea" lortu dutela azpimarratu dute. Horrez gainera, Alderdi Popularrak 2013an gauzatu gura zuen asmoetako bat indargabetzea lortu zutela ere esan dute: pentsioak urtean %0,25 igotzeko asmoak alboratzea. Euren berbetan, mobilizatzean fruituak ekarri ditu: "Aurten egingo diguten %8,5eko eguneraketak, galdutakoa konponduko ez duen arren, egiten ari garen borrokagatik gauzatu da", diote.

230 astelehen

Mobilizazioak hasi zituztenetik, pentsiodunak 230 astelehenetan mobilizatu dira Hego Euskal Herriko plazen luze zabalean. Pentsioek mugituta irten dute kalera, baina ez diote ukorik egin osasun zerbitzuak defendatzearen alde, mugimendu feministaren alde edo sindikatuek antolaturiko grebetan kalera irteteari. Aurrera begira ere "borrokan jarraitzeko mila arrazoi" dutela adierazi dute. "Osasunerako eskubidea", energia krisialdia eta "finantza-oligopolioen mozkin errekorrak" aipatu dituzte. Euren berbetan, "onartezina" delako "gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola etxe erosoak, osasunerako eskubidea, elikadura osasuntsua eta erretiroaren ondoren diru-sarrera duin eta nahikoak bermatzea". 

Hau guztia dela eta, urtarrilaren 16an mugimenduak bere bosgarren urteurrena ospatuko du aldarrikapen artean. Ohi bezala Euskal Herriko plazetara irtengo dute kaleak hartzeko. Durangoko pentsiodunen mugimenduak, adibidez, udal plaza hartuko du datorren astelehenean. 12:00etan mobilizatuko dira, aldarrikapena eta "jaia" batuta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!