Durangoko Udalak ‘Jolas Librerako Gunea’ atonduko du Landako Gunean datorren astelehenetik apirila amaitu arte

Anboto 2023ko urt. 10a, 11:31

Astelehenetik igandera egongo da irekita.

Iaz harrera ona izan zuela ikusita —18.000 erabiltzaile inguru— Durangoko Udalak aurten ere Jolas Librerako Gunea irekiko du Landako Guneko modulo batean urtarrilaren 16ko astelehenetik apirila amaitu arte.

Astelehenetik igandera egongo da irekita, 16:30etik 20:00etara. 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako jolaserako elementuak jarriko dira, hala ere, horrek ez die gainerako adinei instalazioetara sartzea eragotziko, udalak ohar batean azaldu duenez. Hilabete horietan zehar Landako Gunean ekitaldiren bat ospatzekotan, jolasgunea egun batzuez desmuntatuko da, erabiltzaileei aldez auretik ohartaraziko zaie.

“Lanean jarraitzen dugu durangar txikienek aisialdiaz goza dezaten baliabideak handitzeko. Aurten baliabide gehiago bideratuko ditugu eta jolaserako elementu gehiago eskainiko ditugu”, adierazi dute Juanan Bueno eta Patxi Lakuntza zinegotziek.

Haurren parkeak

Ekimen honek bat egiten du udal gobernua haurren aisialdirako eskaintza handitzeko egiten ari den lanarekin. Horren adibide dira legegintzaldi honetan birmoldatu diren bost haur parkeak edo San Inazio parkea estaltzeko proiektua. Gainera, 2023rako Aurrekontuetan Tabiran, San Fauston edo Ibaizabalen haur parkeak sortzeko partidak jaso direla azaldu dute udal arduradunek.

Haur parkeen erreforma horiez gain, legegintzaldi honetan Haur Kontseilua sortu da. Organo aholkuemaile horretan, udal ordezkariak herriko txikienen ordezkaritza batekin biltzen dira, haurtzaroarekin eta gazteriarekin lotutako hainbat proiekturi buruz galdetzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!