Tabirako Baquek ezin izan du urtea garaipenarekin hasi

Anboto 2023ko urt. 10a, 09:20

Tabirako Baqueko Asier Arizmendiarreta asteburuko partiduan. (Argazkia: Luis Iturrioz)

Gizonen talde nagusiak 67-84 galdu du etxean Grupo Inmapa Filipenenses taldearen aurka.

EBA mailan ari den Tabirako Baque gizonen talde nagusiak porrot batekin hasi du urtea. Landako kiroldegia bete zuten zaleen animoak ez ziren nahikoa izan bisitari palentziarra mendean hartzeko. Aurkariak gehiago izan ziren hasiera-hasieratik Tejerina (23 puntu) eta Paniagua (15) lako jokalarien ekarpenari esker. Etxekoen artean Aldekoa (19 puntu, 5 errebote eta 5 asistentzia) eta Lorentzo Uriarte (11 puntu, bi errebote eta bi asistentzia) azpimarratu daitezke.

Une honetan, Durangoko taldea azken aurreko tokian sailkatuta dago EBA mailako AA multzoan, hiru garaipen eta bederatzi porrotekin. Hurrengo partidua Kantabrian jokatuko dute Solares taldearen aurka, domekan. Kantabriarrak bost garaipenekin daude sailkapenean.

Emakumeak asteburuan itzuliko dira

Emakumeen Tabirako Baque Lehen Mailako taldeak, berriz, zapatuan ekingo dio berriro ligari. Kopa irabazi duen Loiola Indautxu taldea izango du aurkari. Talde biak zazpina garaipenekin berdinduta daude sailkapenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!