“San Agustin Kulturgunea Durangaldeko zein Euskal Herriko kultur erreferente bilakatu da bere ibilbidean zehar. Kultur sortzaile zein kulturzaleen aterpe izan da, durangarroi kultura hurbilduz. 25 urte beteta, San Agustinek etorkizun oparoa izango du aurrerantzean ere”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.
25 urte hauetan 1.000 ikuskizun baino gehiago antolatu dituzte San Agustin kulturgunean, eta besteak beste José Sacristán, Asier Etxeandia, Blanca Portillo edota Alberto San Juan bezalako aktoreak igo dira bertako taula gainera. “Durangoko kultur epizentroa bihurtu da San Agustin, eta dozenaka elkarte, konpainia eta kolektibo dira horretaz gozatzen dutenak. Sektorean ezaguna da San Agustin, konpainientzat gune irekia eta irisgarria delako. Kulturan inbertitzeak kultur sarea elikatzea dakar, eta horri esker agertu dira Durangon ditugun artista handiak".