Ezkurdi ume eta gazteen topaleku eta jolasleku ohikoena izaten da Durangon. Baina, jolas horien guztien artean futbolak auzokideen kexak eragin ditu. Auzo honetako bizilagunek kezkaz bizi dute baloikaden eraginez azken hilabeteetan gertatu diren kasuak. Atzo bertan, 13:15ean 84 urteko emakume bati baloiagaz buruan kolpe bat eman zioten Ezkurdiko Plazan. Ondorioz, lurrera jausi zen eta aldaka apurtu zuen. Anbulantzian Galdakaoko Ospitalera eraman zuten. "Orain dela hilabete batzuk 94 urteko emakume bat baloiagaz jo eta aldaka apurtu zuen. Egoera horiek egunero errepikatzen dira. Auzokideok aspilditik gai honetaz ohartarazten ari gara. Jende nagusiak beldur handia dauka hainbat umek eta nerabek izugarrizko futbol partiduak jokatzen dituztela Ezkurdin", azaldu du Endika Delgado Ezkurdiko auzokideak hainbat bizilagunen izenean.
Auzokideak udaletxeagaz batzartu dira, baina oraindik erantzunik jaso ez izana salatu dute. "Pertsonen segurtasuna arriskuan dago. Baloi baten kolpeak lesio handiak eragin daitzake, atzo gertatu zen moduan", ohartarazi du Delgadok.
Udalak ANBOTOri azaldu dionez, "ez dago umeei kalean jolastea debekatzen dien araudirik". Hala ere, udaltzainen presentzia handitu egin dutela nabarmendu dute umeei arduraz jolasteko eskatuz. Era berean, udalak umeei eta gurasoei "arduraz jokatzeko" eskatu die .