Zelan zabaldu zenuen denda?
Hasiera gogorra izan zen. Nik josten banekien, baina denda bat beste kontu bat da. Nirekin lanean hasi ziren neskek eta sasoi hartako modistek lagundu zidaten.
Zelan bururatu zitzaizun denda zabaltzea?
Plazan nengoela, sasoi hartako oihal denda eskualdatu gura zutela entzun nuen eta egun hartan bertan lanari ekin nion. 15 egunean denda martxan nuen.
Hasieran Barrenkalen hasi zinen.
Barrenkalekoa txiki gelditu zitzaigun eta Santa Anara joan nintzen handiagoa zelakoan. Baina, biltegi oso txikia zuen, eta hemen jenero asko gorde behar da. Montevideokoa handia izan da eta jendea gusturago ibili da.
Urte hauetan dendak zein bilakaera izan du. Gutxiago josten da orain?
Pandemiaren eraginez jende gazteak denbora izan du etxean egoteko eta josten hasi dira. Jende asko patronajea ikasten ari da. Geroago eta gazteago etortzen dira. 10 urte inguruko gazteak etortzen zaizkit beraien poltsak josten hasi direlako. Zentzu horretan, bezero onak izan ditut.
Denda ixten baduzu, zer egingo dugu inauterietan?
Ea egun hauetan besteren batek denda hartzen duen. Denda eskualdatu nahiko nuke. Baten bat denda hartzera animatzen bada, laguntzeko prest nago.
Jubilatu egingo zara. Eta orain zen?
Orain kafe bat lasai hartu, lagunekin egon, ibili, gimnasiora joan eta bidaiatu egingo dut.
Zure bezeroei zer esango zenieke?
Jende oso jatorra aurkitu dudala. Agian mundu guztiaren gustukoa ez nintzen izango, hori ez da erraza izaten eta. Bezero guztiei eskerrik asko esan gurako nieke.