"Bizitza bakarra da eta beste gauza pila bat egiteko gogoa daukagu"

Anboto 2022ko abe. 29a, 21:12

Jon eta Ibon Petralanda anaiek Txoria Nuen Maite taberna 1999ko Azokarako zabaldu zuten. 23 urte beranduago etapa hau amaitutzat emango dute bihar.

Jende askok egingo zizuen galdera hau: Zergatik itxi?
Jon: 23 urte asko dira. Bizitza erdia hemen eman dugu eta etapa bat bete dugula uste dugu. Bizitza bakarra da eta beste gauza pila bat egiteko gogoa daukagu.
Ibon: geroago eta zailagoa da honelako garito edo negozioak aurrera ateratzea. Ostalaritza eta autonomoak geroago eta txarrago daude.

Erabakia hartzea kosta egin zaizue?
Jon: Guk etxe honekin lotura familiarra daukagu. Gure gurasoak ezkondu zirenean etxe hau eraiki zuten eta hemen bizi ginen. Beraz, taberna eta gure familiaren etxea izan da.
Ibon: Bizitza honetan aldaketak behar dira, beti gauza berdina egiten ibili beharrean.

Taberna honek beti izan du xarma berezi bat. taberna honek zein ekarpen egin dio Durangori?
Jon: Hori jendeak esan beharko luke. Hasieratik hainbat gauza argi izan ditugu.Taberna honetan sekula ez dugu telebistarik izan. Ez dugu tragaperrarik izan. Inoiz ez dugu erosi El Correo Español. Askatasunean egoteko taberna bat izan da. Beste pertsonei kalte egiten ez diezun bitartean hau taberna libre bat izan da. Eta kalitatea ere zaindu dugu. Alternatiba bat izaten saiatu gara. Zabaldu genuenean arraroa zen taberna batean sartu eta arratsalde osoa eserita egotea. Poteoa boladan zegoen. Dantzarena sartu genuen, afari tematikoak, Dj-ak, koktelgintza...
Ibon: Adin nahaste handia izan da beti.

Tabernarekin zer gertatuko da?
Jon: Hilabete eta erdi itxita egongo da eta beste batzuek jarraituko dute.

Eta zuek?
Ibon: Bizi apurtxo bat.
Jon: Asteburuak libre, kontzertu batera joan...

Zeozer gehiago esan gura duzue?
Jon: Mila esker 23 urte hauetan hemendik pasatu diren bezeroei, lagunei, langileei, hornitzaileei... Negarrez hasiko naiz!
Ibon: Bihar daukagu azken agurra.

Zelakoa izango da?
Jon: DJ pare bat egongo da eta auskalo zelan amaituko dugun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!