Alertak hardcore doinuz beteko du Plateruena berriro

Anboto 2022ko abe. 23a, 12:00

@alerta

Oraindino Durangoko Azokako doinuen oihartzuna entzun daitekeela helduko da beste kontzertu bat Plateruena Antzokira. Gaurkoan Alerta talde durangarraren hardcore doinuen txanda izango da; boskote durangarrak 25. urteurren bira borobiltzeko aukera bikaina izango du gaur, 22:00etan. Izan ere, taldeak kontzertua eman behar zuen Durangoko jaietan, baina taldekide bat gaixotu egin zen eta ezin izan zuten jo. Taldekideek mende laurdeneko ibilbidea ospatu gura dute ingurukoekin.

Alerta taldea 1997an sortu zen eta lau lan luze kaleratu dituzte euren ibilbidean; azkena, Tú decides el final, 2019an. Aurretik, Devhil, Siempre más fuertes eta Seguimos creyendo lanak argitaratu zituzten. Sorreratik metal doinuak jorratu dituzte, hardcore doinuekin uztartuta. Osasun pandemiak oztopatu arren, Espainiako Estatuan hainbat kontzertu eman dute mende laurdeneko biraren harira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!