JAEDen stand solidarioko txartelen zozketa bide onetik doa; hilabetean 32.000tik gora saldu dituzte, erdia baino gehiago

Anboto 2022ko abe. 23a, 10:00

JAED elkarteko kideak pozik daude euren stand solidarioa izaten ari den harreragaz. Txartelak ondo saltzen ari dira. Eskuragarri ipinitako 65.000 txarteletatik 32.000tik gora salduta zituzten astelehenerako. Iaz data hauetan 27.000 txartel inguru zituzten salduta, 5.000 gutxiago. "Oso pozik gaude. Aurten erraz saltzen gabiltza txartelak; lehenengo egunetik bertatik, gainera", azaldu du JAEDeko Susana Lorenzok. Erritmo honetan, posible ikusten du dena saltzea. "Horixe espero dugu behintzat", esan du.  

Komenigarria da gogoratzea aurten zozketa, Errege Egunean barik, urtarrilaren 8an egingo dutela, egun bi geroago. Horren arrazoia honako hau da: udala Andra Mariko elizpea berriztatzen hasiko da laster eta JAEDekoek euren lokalean egingo dute zozketa, standean bertan barik. Behin horretara behartuta, oztopoa abagune bihurtzen ahalegindu dira. "Standa beste pare bat egunean zabalik mantentzeko aprobetxatuko dugu", esan dute. 

Stand solidarioa elkarterako dirua batzeko egiten duten ekintzarik handiena eta ezagunena da, baina ez bakarra. Besteak beste, sanfaustoetan jaietako zapiak ateratzen dituzte. Aurten 6.000 kaleratu eta denak saldu dituzte. Datorren urtera begira zapi gehiago ateratzea pentsatzen dabiltza.

225 familiari laguntza
Ekimen hauetan guztietan baturiko dirua beharrizana duten familiei laguntzeko erabiltzen dute. Hile amaierara heltzeko arazoak dituzten 225 familiari (554 pertsona) laguntzen diete. Azken urteetan "hazi" egin den kopurua da. Familia bakoitzari elikagaiekin beteriko otzara bat ematen diote hilean behin. Aurten, nobedade lez, garbitasun produktuak ere gehitu dituzte otzarara: garbigailuko xaboia, haginetako pasta, komuneko papera eta bainurako gela. 

Azken urteetan argindarraren prezioa hainbeste igota, geroago eta familia gehiago bizi da pobrezia energetikoan. JAEDek programa berezi bat martxan du familia horiei laguntzeko. 2020an, esaterako, 56 familiari lagundu zieten. "Lehen, neguan zehar ipintzen genuen martxan laguntza, sasoi horretan energia kontsumoak eta fakturak gora egiten dutelako, berogailuagaitik. Baina aurten urte osora zabaldu dugu, gutxi gorabehera. Ahalik eta gehienei laguntzen ahalegintzen gara", azaldu du Lorenzok.

Beste laguntza ildo bat alokairuekin laguntzera bideratzen dute. Iaz %50era arteko laguntza ematetik, kasu batzuetan %100koa ematera pasatu ziren eta aurten ildo beretik jarraitzen dute lanean. Kasu bakoitza aztertzen dute beste eragile batzuekin batera. 

Bazkidetzeko deia
JAEDen bazkide kopuruak behera egin du azken urtean. Iaz 120 bat bazkide zituzten abenduan, eta aurten 101 dituzte. "Beste elkarte batzuetan ere igarri dute beherakada, ez gurean bakarrik. Gu oso esker oneko gaude Durangoko eta Iurretako herritarrengandik nahiz udalengandik jasotzen dugun babesagaz eta laguntzagaz. Ikaragarria da. Diru sarrera egonkor bat izatea lagungarria da. Bazkide egiteko deia egiten dugu. Gura duenak gure standetik edo lokaletik igaro daiteke", adierazi du Lorenzok. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!