Hodei Gallastegui Xraids Experience taldeko fisioterapeuta izango da Dakar Rallyan

Joseba Derteano 2022ko abe. 26a, 10:00

Hodei Gallastegui bere Durangoko fisioterapia zentroaren aurrean.

Hodei Gallastegui Fernandez (Elorrio, 1995) abentura ilusionante baten atarian dago. Abenduaren 31tik urtarrilaren 15era, Dakar Rallyan ariko da, Xraid Experience taldeagaz. Taldeko motor gidarien fisioterapeuta izango da.

Durangon fisioterapia zentro bat du ekainaz geroztik eta Durangoko Kulturalaren lehen taldeko fisioterapeuta ere bada.

Zelan sortu zitzaion abentura honen parte izateko aukera? "Sandra Gomez motor pilotua koadrillako baten neskalaguna da. Nire zentrora etorri zen, tratatzera. Marokoko rallya egin berritan zegoen eta lasterketei buruz aritu ginen. Dakar Rallyan ere parte hartuko du. Hara begira fisioterapeuta batek ezetz esan ziela kontatu eta bere tokia niri proposatu zidan", gogoratu du. Aukera paregabea zen, baina ez zuen berehala onartu. "Lehenengotan ezezkoa eman nion. Neskalagunagaz, lagunekin eta pazienteekin komentatu nuen. Horrelako aukerarik berriro ez nuela izango esan zidaten". Kontsulta horiek egin ostean eman zuen baietza.

Bihar, abenduak 27, joango da harantza eta urtarrilaren 17an hartuko du bueltako hegazkina. Abentura bat izango da zentzu guztietan. "Nire lana badakit zein den, hori argi dut, baina beste dena… janaria, non lo egin, ez dakit zer aurkituko dudan", onartu du.

Dakar Rallyko etapak amaitzen direnean taldeko motor pilotuen minak arintzea eta errekuperazioan laguntzea izango da Gallasteguiren zeregina. "Motor gidariek ez dute babesik eta kolpe denak sentitzen dituzte". "Eskumuturretan, sorbaldan eta zerbikal inguruan" sufritzen ei dute gehien.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!