Elkarrekin Podemosek eskualdeko osasun zerbitzuen egoerari buruzko eztabaida piztu du. Otsailean, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek Durangaldeko osasun arretaren beharrizanak identifikatzeko azterlana egitea eskatu zioten Jaurlaritzari. Bada orain, talde moreak, ikerketa hori zein puntutan dagoen galdetu du Legebiltzarrean. Eskaria Isabel González legebiltzarkide durangarrak erregistratu du, "Durangaldeko egoera zailari irtenbidea" emate aldera.
Elkarrekin Podemosen arabera, "Durangaldeko biztanleak haserre eta atsekabetuta daude" osasun egoerarekin. "Ez dute ulertzen, kaleetan egindako protestak eta erakundeetara eramandako kexen ondoren, zelan ez zaien erantzunik eman arazoei". Talde moreak dioenez, "Durangaldeko osasun arreta gero eta eskasagoa eta urriagoa" da. 24 orduko pediatria zerbitzua, Lehen Arreta profesional gehiagorekin indartzea edo anbulantzia medikalizatu bat izatea dira taldearen eskarietako batzuk.