Iaz Txinako Lehenengo Mailara igo zen Nantong Zhiyun futbol klubeko ordezkari bat Tabira futbol zelaian izan zen astelehenean. Kulturaleko kirol zuzendari Jon Diaz de Ceriok hango azpiegiturak erakutsi zizkion eta klubeko funtzionamenduaren berri eman zion. "Talde berria da, sei urte bakarrik ditu. Orandik ez dute egitura handirik. Egunotan estatuan dabiltza eta hainbat klub bisitatu dituzte. Hemen zelan lan egiten den ezagutu gura dute. Ideak hartzera eta ikastera etorri dira", azaldu du Diaz de Ceriok.
Baina estatuan zeharreko biraren barruan, zergatik aukeratu dute Durangora etortzea? Hona istorioa. Orain sei urte, Jon Diaz de Ceriori Txinan lan egiteko aukera sortu zitzaion. Urte bat erdi inguruan egon zen han; lehenengo, Txinako bertako futbol akademia batean eta, ondoren, Pekingo futbol akademia ingeles batean. Akademia horietan Galiziako lagun bat egin zuen eta gaur egun Nantong Zhiyun klubean lanean dabil. Denboran zehar beragaz hartuemana mantendu duenez, lagun haren bidez lotu du Durangorako bisita.
Diaz de Ceriok 24 urte zituen Txinara joan zenean. "Oso bizipen polita izan zen: lanean eta lagunak egiten. Errepikatzeko moduko esperientzia izan zen eta oso oroitzapen onak ditut", gogoratu du.