Durangoko Kulturalak benjamin (2014an jaiotakoak) eta kimu mailako (2012an jaiotakoak) Durango Sukia torneoa antolatuko du abenduaren 26tik 28ra.
Maila biak kontuan hartuta, 25 klubetako 48 taldek parte hartuko dute. Gehienak bizkaitarrak dira: 17. Gipuzkoatik eta Arabatik launa klub datoz. Guztira, 600 bat gaztetxo ariko dira futbolean Tabira futbol zelaian.
Abenduaren 26an benjamin mailakoek ligaxkako partiduak jokatuko dituzte. Abenduaren 27an, berriz, kimuen txanda izango da. Egun bietan honako hau da partiduen ordutegia: 09:00etatik 13:45era goizez, eta 15:00etatik 19:45era arratsaldez. Maila bakoitzeko 12 talderik onenek abenduaren 28an jokatuko dute azken fasea; Goizean benjaminek, eta arratsaldean kimuek.
Egun baterako sarreraren prezioa 3 euro da; bi egunetarakoa, berriz, 5 euro da.
Datorren urtera begira torneo gehiago antolatzea baloratzen ari direla adierazi du Jon Diaz de Ceriok, Durangoko Kulturaleko kirol zuzendariak, ekitaldiaren aurkezpenean.