“Mendi-tuntunaren populazioa %30 jaitsiko ei da 2050erako eta ezer gutxi dakigu txori honen inguruan"

Joseba Derteano 2022ko abe. 16a, 13:30

Ingurumen Zientzien ikasketak landa lanagaz uztartzen dabil Gorka Valdés (2000) durangar gaztea, Aranzadi Zientzia Elkartearen bitartez. Mendi-tuntunak harrapatu eta eraztun bat ipintzen die askatu aurretik. Azaroan hasi zen horretan eta otsailera arte jarraituko du. Mendi-tuntunari buruz oso gutxi dakigula eta gehiago jakitea merezi duela uste du. 

Nondik datorkizu txoriekiko afizioa?
Txikitan denbora asko ematen nuen amama jaio zen baserrian. Lehengusuak, osaba… ehiztariak ziren eta ni ere eurekin joaten hasi nintzen. Lasterrera ikusi nuen armak ez zirela nire bidea eta eskopeta argazki kamararengaitik aldatu nuen. Orain familiako ardi beltza naiz (barrez).

Zelan sortu zaizu ikerketa hau egiteko aukera?
Eraztunak ezin ditu edonork ipini. Hegazti eraztuntzailea izan behar duzu. Lehenengo, formakuntza garai bat dago: 60 espezie desberdinetako 1.500 txori eraztundu behar dira. Bi-hiru urteko formakuntza horren ondoren, azterketa bat gainditu behar da. Nik orain dela urtebete gainditu nuen eta aurten mendi-tuntunak eraztuntzen hasi naiz.

Zergaitik txori mota hau? Zeuk aukeratu duzu? 
Bai, neuk aukeratu dut. Lehenengo eta behin, Urkiola etxetik gertu dagoelako eta hori garrantzitsua da. Eta gero, oso txori interesgarria delako. Datozen urteetan, aldaketa klimatikoak eragin handia izango du txoriengan, baina batez ere alpetar habitatean bizi direnengan. Mendi-tuntunaren populazioa %30 jaitsiko ei da 2050erako eta ezer gutxi dakigu txori honen inguruan. Mendi puntetan bizi denez, oso jende gutxi dago prest haraino joan eta eurak eraztuntzeko. Lan neketsua da. Ulertu behar da boluntario lana dela; horrelakoetan ez dugu ezer kobratzen. Militantzia ornitologikoz ibiltzen gara, ehuneko ehunean. Beraz, esango nuke lan interesgarria dela txori honi buruz gehiago jakiteko. 

Zer da txori honi buruz ezagutu gura duzuena?
Ez dakigu kanpotik datozen ala ez, urtero toki berera datozen, zenbat dauden… Inkognita asko dago. Txori sedentarioa dela uste zen, ez zela asko mugitzen jaiotzen zen tokitik. Baina ikusi da udaberrian egoten ez den mendi batzuetan agertzen dela neguan. Alacanten badago pertsona bat hamarkada bat daramana txori hauek eraztuntzen, eta berak markaturiko txori bat Frantziako Alpeetan ikusi zuten. Horrek esan gura du uste zen baino gehiago mugitzen direla. Urkiolan ere udaberrian ikusten dira, euren kumatze sasoian, baina ez neguan beste. Susmoa dugu kanpotik datozela. 

Zertan datza landa-lana?
Txoriei eraztun bana ipintzen diegu, euren NANa izango litzatekeena. Horrela, txori hori indibidualizatzea lortzen dugu. Neurtu egiten ditugu, odol analisiak hartzen ditugu… Harrapatzeko gatxak direnez, ahalik eta daturik gehien batzeko aprobetxatzen dugu. Prozesu azkarra da; hartu eta bost minutura aske daude. Ahalik eta estresik gutxien eragiten ahalegintzen gara. Azaroan hasi nintzen eta otsailera arte jarraituko dut. 

Mendi-tuntunak badu beste txoriek ez duten bereizgarririk? Fisikoki, ohiturei dagokienez…
Bizi den eremuetan jateko gutxi egoten denez, txori poliandrikoa da. Hau da, eme bat ar askogaz parekatzen da eta ar guztiek parte hartzen dute txiten zain - tzan. Beraz, laguntza gehiago du txitentzat janaria lortzeko. Pirinioetan eme bat zortzi arregaz ikusi da txitak zaintzen. 

Beste toki batzuetan eraztundu izan dira mendi-tuntunak, baina Euskal Herrian zeu zara hori egiten lehenengoa.
Euskal Herrian bai, lehenengo aldia da hau. Estatuan, Pirinioetan, Europako Mendietan eta Alacanten egin izan dira. 

Zuk batzen duzun informazioa beste toki batzuetako ikerketetako emaitzekin konparatzen da?
Nire datuak Aranzadiri bidaltzen dizkiot. Eta Aranzadik EURING-i bildatzen dizkio. Europan eraztuntze guztiak ordenatzen dituen entea da EURING. 

Zenbat eta datu gehiago, orduan eta ikertea hobea izango da.
Bai. Eta, alde horretatik, mendizaleen edo mendian dabiltzanen laguntza eskatu gura dut. Inork mendi-tuntunen bat koloretako eraztun bategaz ikusten badu, asko eskertuko nioke guri informazioa helaraztea. Txoria non eta noiz ikusi den, horixe da guretzat informaziorik garrantzitsuena. Gura duenak argazkia ere bidali dezake. Azken batean, erraza da mendi-tuntunari argazki bat ateratzea, sarritan begi bistan egoten da eta. Mugikorragaz atera daiteke argazkia. Oso txori konfiatua da. Mendietan, eskalada guneetan… jendea ibiltzen den tokietan ibiltzen da. Orain arte jaso ditugun argazkiak mendizaleek mugikorragaz ateratakoak dira. 

Zelan helarazi dezakete informazioa?
Modu bi daude. Batetik, Colouring.eus plataforma. Bestetik, Aranzadiko eraztuntze bulegora idatzita: ring@aranzadi.eus. Modu horretara, behaketa horiek gure datu basean erregistratuta geratuko dira. 

Oraingoz, zelan doa landa-lana?
Asko gerturatzen den txoria da, baina harrapatzea nahiko gatxa da! Denbora asko behar da eta nekosoa da. Hotz handia pasatu behar da gutxi batzuk harrapatzeko. Batzuetan apur bat frustragarria ere bada, eta "zertan nabil ni hemen" esaten diot neure buruari. Baina, gero, bat harrapatuz gero, biharamunean berriro joateko energia izaten duzu. Orain arte dozena bat harrapatu ditut, eta otsailerako 20- 25era heltzea da nire helburua.  

Non egoten zara?
Batez ere Mugarrikolanda inguruan egoten naiz. Handik jende asko dabil eta hango txoriren bat eraztunduz gero errazagoa da gerora norbaitek ikustea. Atxarteko haitz inguruetan eraztundutako txori bat ikustea askoz ere gatxagoa da. Asteburuetan, jaiegunetan eta ahal dudan guztietan joaten naiz.

Harrapatu dituzun txoriekin, eta ikusi duzunagaz, atera duzu ondoriorik?
Goiz da ondorioetarako. Gainera, txoriak hemen daude oraindino. Udaberrian mugitzen direnean, baliteke baten batek nik eraztuna ipinitako txoriren bat Alpeetan edo antzeko tokiren batean ikustea. 

Hori itzela litzateke!
Benetan ere! Ez dakit zer egingo nuen ospatzeko, Moet Chandon xanpain botilaren bat zabaldu edo!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!