"Kulturismoa bizitzeko modu bat da niretzat, biziera osasuntsua"

Anboto 2022ko abe. 18a, 10:00

Andoni Alvearrek (Durango, 2000) esku pilotatik kulturismorako saltoa egin du azken urteotan; tarte horretan, errugbian ere jokatu zuen. Gimnasiora joaten hasi zenean, harra sartu eta aurten kulturismoan lehiatu da. 

Zerk erakarri zintuen kulturismotik?
Arrazoi estetikoengaitik hasi nintzen gimnasioan, nire gorputza handiago ikusi gura nuen. Orain urte bi prestatzaile bategaz hasi nintzen lanean, eta iaz lehiatzen hastea erabaki genuen. Oraindino ere erakartzen nau estetikak, baina malgutasunez jokatu nezake. Gainera, indarra lantzeko aukera ere badut. Gutxienez ordu bi ematen ditut indarra eta hipertrofia (giharra handitzea) lantzen bost egunetan. Hurrengo egun bietan arlo kardiobaskularra lantzen dut, kirolari osotua izateko. 

Bizitzeko modu bat da zuretzat?
Hala da; modu osasuntsua, gainera. Lehiatzeko momentuan horretara gaude, ehuneko ehunean. Obsesio ere bihurtu daiteke, baina momentu zehatz bat da. Orain bolumen fasera heltzeko nabil lanean, eta ez dut horrenbesteko presiorik. Lagunekin afaltzen edo bazkaltzen disfrutatzeko aukera dut. Oreka bat lortu beharra dago.

Aurreritzi asko dago oraindino kulturismoaren munduan?
Bai. Uste dute ezjakinak garela, agresiboak, astakiloak... Kulturismoa egin barik ere, gimnasiora joatea hainbat kirol praktikatzeko da onuragarria: errugbia, futbola… Zer esango duten eta giharra asko handituko ote zaien beldurra dago oraindino. Baina muskulua ez da handitzen egun batetik bestera. Gimnasioa bakarkako jarduna izanda, atsegina eta eskertzekoa da horretan dabilen jende gehiagogaz elkartzea. Elkarri laguntzen diogu.

Zein ekarpen egin dizu kulturismoak?
Egonkortasuna ematen dit, eta ez kirolari lez bakarrik. Arlo pertsonalean ere ordena bat ematen dit helburuak lortzeko, koherentzia bat. 

Kulturismo naturalak zer du berezi?
Substantzia dopatzailerik barik egiten den kulturismoa da eta dopin kontrol asko dago. Zigor gogorrak egoten dira. Modu artifizialean urtebetean lortu daitezkeen emaitzak lortzeko, nik bost urte behar ditut. Gainera, ezinezkoa da gorputz berdina edukitzea. Hala ere, ondo landuz gero gorputz naturala politagoa da niretzat. Hautu pertsonala da. 

Diziplina handia eskatzen du?
Bai, kirol diziplinatua da, epe luzera begirakoa. Eguneroko entrenamendua baloratzen ikasten da, lan askoren ondorioz emandako pausoak txikiak direlako. Elikadura zaintzea ere oinarrizkoa da.

Aurten lehiatu zara lehenengoz. Zelako esperientzia izan da? 
Itzela izan da agertokian egotea. Oso gustura sentitu naiz, etxean lez, eta asko disfrutatu dut. Urduritu barik, eta natural irten nuen, lotsarik barik. Alde horretatik, oso pozik nago. 

Zeintzuk erronka dituzu orain?
Bizpahiru urte barru berriro lehiatu gura dut. Ondo prestatuta joan gura nuke. Eta WNBF ligan profesional izatea eta mundialera joatea amesten dut. Epe laburrera, powerlifiting-a probatu guran nuke, eta harri-jasotzeak ere erakartzen nau. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!