Auzokide guztiei begira antolaturiko ekitaldia den arren, batez ere abenduaren 31 bakarrik pasatzen duten pertsona nagusiei zuzenduriko ekitaldia dela azaldu du Amaia Palacios auzo elkarteko kideak. "Ume, gazte eta nagusiak batzen gara eta momentu eder bat bizitzen ahalegintzen gara", gaineratu du auzokideak.
Kanpai-hots ekitaldia lehenago egiteko ohitura 2019an ipini zuten martxan, auzo elkartearen sorreragaz batera. COVIDaren eraginez 2020an ezin izan zuten antolatu, eta 2021ean murrizketekin izan zen, baina jo zituzten kanpaiak. Aurreko edizio bietan ekimenak oso erantzun oso ona izan dfu. "Auzo elkarteak antolaturiko ekitaldi guztiek erantzun ona izan dute, baina kanpaiena bereziki ona izan da", dio Palaciosek.
Egitarau osoa
17:30ean Kriskitineko nagusien eskolakoen dantzekin hasiko dira. Karmele Elexperen Bidelagun musika taldearen animazioagaz jarraituko dute. Txokolatea eta salda banatuko dituzte. Auzokideei etxean egindako postalak eramatea eskatu diete, ermita apaintzeko eta jende nagusiari oparitzeko. 20:00etan, Durangoko ostalari eta dendariek emandako oparien errifa egingo dute. Kanpai-hotsa 21:00etan izango da. Ermitako kanpaiekin egiten ahaleginduko dira. Ondoren, DJ batek animatuko du giroa.
Elkarteak auzoko jendea biltzea eta elkar ezagutzea du helburu. Horretarako, urte osoko ekintzak antolatzen dituzte Madalenan. Otsailean Txitxiburduntzia egiten dute, apirilean Udaberriko Jaia, uztailaren 22an Madalenako jaiak, eta Durangoko jaietan hainbat ekitaldi antolatzen dute.