Alboan Gobernuz Kanpoko erakundeak eta San Jose Jesuitak Ikastetxeak 'Ibiltari' izeneko martxa solidarioa antolatuko dute domekan. Indarkeria mota askorengatik migratzera behartuta dauden emakumeen gaia mahai gainean jartzea eta arlo horretako proiektuetarako diru bilketa egitea dira ekimenaren helburuak. Hain zuzen, martxa egiteko abenduaren 18a aukeratu izana ez da kasualitatea, Migratzaileen Nazioarteko Eguna delako.
Martxa Ezkurdi plazan hasiko da, 11:00etan. Ibilbideak zazpi kilometro ditu. San Andres auzora igo eta Larrinagatxutik jaitsiko dira Ezkurdin amaitzeko, 13:00-13:30 inguruan.
Izen-ematea egunean bertan ala aurretik egin daiteke ibiltari.alboan.org gunean. 10 euroko diru dohaintzaren truke martxarako dortsala eskuratuko da. 12 urtetik beherakoentzat 5 euro da. Dortsalak egunean bertan ala aurretik jaso daitezke: ostiralean, 17:00etatik 19:00etara, Jesuitak ikastetxean. Martxan parte hartu ez, baina diru ekarpena egin gura duenak badu horretarako aukera. Webgunean '0' dortsala jartzen duen tokian egin dezake 10 euroko ekarpena.
Martxara laranja koloreko arroparekin edo kolore horretako zerbaitekin joatera animatu dituzte parte hartzaileak, horixe delako Alboan GKE-ren kolorea.
Batutako dirua Alboan-ek Afrikan eta Erdialdeko Amerikan dituen proiektuetara bideratuko dute.