Bost egunotan Durangon bizitakoa Euskal Herrira zabaltzea da helburua orain, Azoka "oasi bat izan ez dadin". Azokak iraun duen bost egunak oso jendetsuak izan direla adierazi du Gerediaga elkarteak, eta egunik jendetsuena abenduaren 8koa izan zela azaldu du. Salmentei dagokionez, "osasun-krisia heldu aurreko kopuruetara" heldu direla nabarmendu dute antolatzaileek. "Sormen-lan ugari agortu dira, ibilbide luzeko sortzaileen kasuan, baina baita artista hasiberri batzuen kasuan ere. Zalantzarik gabe, kulturzaleek aurrez aurreko Azokari lehentasuna eman diote online dendaren aldean". Hain zuzen ere, online dendan salerosketak "nabarmen" jaitsi direla azaldu dute.
Azokako guneetako arduradunak ere pozik agertu dira aurtengo edizioak emandakoarekin. Aurkezpenen artean, Ene Kantak, Anari Alberdi, Nerea Ibarzabal, Paul Urkijoren Irati, Gamer gela edota Harkaitz Cano nabarmendu dituzte. "Ahotseneak giro ezin hobearekin ospatu du bere 15. urteurrena. Plateruenan, aforoa bete da hainbat disko aurkezpenetan; abenduaren 8an esate baterako, aforoa bete zen eguneko aurkezpen guztietan".
Zu non han DA!
Gaurtik aurrera, Durangoko Azokak "herririk herri" jarraituko du, izan ere, Zu non, han DA! ekimenari esker Euskal Herriko 132 saltokitan Azokako literatur nobedadeak eskuratzeko aukera egongo da. 2023ko Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era antolatuko dute. 58. edizioa izango da.