Bost eguneko azoka eta 33.171 bisitari, hori da Euskal Dendaren 26. edizioaren laburpena. Zenbaki horrekin, Euskal Denda pandemia aurreko kopuruetara itzuli da. "Zifrak bikainak dira.Jendearen joan- etorriak etengabeak izan dira. Horrek guztiak eragin du artisauen lanak gustura ikustea eta erosotasunez erostea", adierazi dute antolatzaileek.
Egunak kontuan hartuta, asteazkenean, inaugurazio egunean, 4.298 pertsona igaro ziren; ostiralean, 5.787 bisitari izan ziren eta igandean 4.139 bisitari. Egunik jendetsuenak jaiegunetakoak izan ziren. Ostegunean 11.089 pertsona gerturatu ziren azokara eta larunbatean 7.758.
Bisitarien gorakadak bere isla izan du salmentetan ere. "Artisau guztiek ondo saldu dute. Ez da inor nabarmendu besteen gainetik. Izan ere, Euskal Dendara bertaratzen diren artisauek publikoa dute eta zoragarria da denak pozik daudela ikustea. Horrek etorkizunari aurre egiteko indarrak ematen dizkio sektoreari", adierazi dute.