"Atzerrian euskara irakastea oso esperientzia polita da"

Aitziber Basauri 2022ko abe. 11a, 10:20

Amets Menikak (Durango, 1991) argi zuen Euskal Filologia ikasketak amaituta atzerrira joan gura zuela, eta Etxepare Institutuak atzerrian euskara irakasteko emandako ikastaroa egin zuen. Etxepare Institutuak hainbat herrialdetako unibertsitateekin ditu hitzarmenak munduan zehar, eta Cork-era joateko aukera sortu zitzaionean, durangarrak zalantzarik barik aurkeztu zuen bere burua euskara eta euskal kulturako irakurle izateko. 

Euskara eta euskal kulturako irakurle zara. Zer esan gura du?
Euskara eta euskal kultura mundura zabaltzea da Etxepare Institutuaren helburua. Eta horixe da irakurleon lana, neurri batean. Euskara eta euskal kulturaren zelanbaiteko enbaxadore gara, erreferentzia bat. Euskara irakasten dut, hiru maila desberdinetan, eta euskal kulturako beste ikasgai bi ere ematen ditut. Horrez gainera, euskal kultura bultzatzeko ekintzak antolatzeko ardura dut. Hiru urte egoteko aukera dut.

Zenbat ikasle dituzu?
Unibertsitateko ikasgaian ikasle bi baino ez ditut izan, eta unibertsitatetik kanpora ematen den helduentzako ikastaroan beste bi. Batzuk zerotik hasten dira eta beste batzuek badute oinarri bat, ikasle-truke egitasmoen bitartez Euskal Herrian izan direnek. Euskal kultura ikasgaian askoz ere ikasle gehiago dago. Eskolak ingelesez ematen ditut eta errazagoa da eurentzat. Ia hamar ikasle izan ditut. Dena dela, asko aldatzen da ikasturtearen arabera.

Zerk motibatu ditu euskara ikastera?
Ipar Irlandatik hurbil bizi den ikasle bat izan dut, adibidez. Irdandako gatazka gertutik bizi izan duena, eta zelanbait Euskal Herriko egoeragaz identifikatuta sentitzen dena. Hizkuntza gutxituek edo Euskal Herriko egoerak erakarrita, parekotasun bat ikusita animatzen dira batzuk. Bestalde, Euskal Herrian familia duen ikasle espainiar bat ere izan dut. Familiakoekin berba egiteko ikasi gura du euskara. 

Zelan egokitu zara hango ohituretara?
Oso eroso sentitu naiz hasieratik. Ezagutu ditudan irlandarrak gertukoak eta atseginak sentitu ditut. Bizitza erritmoak harritu egin nau, eta horretara egokitzea kostatzen ari zait. Guk bizi erritmo azkarragoa dugula sentitzen dut, estres handiagoa. Baliteke nire izaeragaitik izatea. Eguraldiagaz egon daiteke lotuta. Neguan sartuta gaude, 16:30ean gaua da, eta Euskal Herrian ere euria egiten duen arren, hemen euriagaz batera haizea ere badabil. Askoz zakarragoa da eguraldia. 

Topatu duzu antzekotasunik euskaldunen eta irlandarren artean ?
Paisaia dela, eguraldia dela eta bizitako gatazka egoerak direla, pentsa genezake antzekotasunak ditugula, baina ez zait iruditu horren antzekoak garenik. Hizkuntza gutxitua dugun aldetik ere jarrera desberdina dugu. Banekien irlanderaren egoera askoz okerragoa zela. Baina harritu egin nau oinarrizko berbak ere ez erabiltzea. Baina, egia esan, hiru hile baino ez ditut egin hemen.

Zelako esperientzia izaten ari da? Erronka handia izan da?
Ama hizkuntza dut euskara, euskal filologia ikasi dut eta atzerrira joateak beti erakarri izan nau. Eta atzerrian euskara irakastea oso esperientzia polita da. Euskal kultura oso zabala da eta hori guzti hori transmititzea ardura eta erronka handia da, hala sentitzen dut. Gainera, unibertsitaten, ingelesez. Apurka-apurka geroago eta erosoago nago. Aukera eta erronka handia da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!