Jon Ander Urrestik irabazi du Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka

Aritz Maldonado 2022ko abe. 8a, 13:22

Eucalyptus proiektuagatik saritu dute Jon Ander Urresti aktore bermeotarra. "Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi dut, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako ", azaldu du Urrestik. 15. 000 euro jasoko ditu, eta 2023ko Durangoko Azokan aurkeztu beharko du sorkuntza. 

Oier Guillan aktoreak, Leire Vargas idazleak, Jon Maya dantzariak, Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko zuzendariak, Aurelie Pousset Hendaiako kultur programatzaileak eta Gerediaga elkarteko Asun Elorriagak osatutako epaimahaiak proiektuak "lehen kolpean emandako ezustea" azpimarratu du. "Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak. Hain zuzen ere, planteamenduak guregan sortu duen mugimendu hori publikoarengan sortu lezakeelakoan gaude. Funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu: eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuingurua sortzeko gaitasunak".

Jon Ander urresti Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan graduatua da eta hainbat antzerki taldetan aktore lanetan ibili da. Hain zuzen ere, proiektu honetan dantza eta antzerkia uztartu gura ditu, lehena abstrakziorako erraminta lez, eta bigarrena, ostera, konkreziorako.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!