Zeintzuk berrikuntza batu dituzue Maeiour, euskaraz marrazten dugu! bideojokoan?
Orain arte, zazpi kokoak eta Io pertsonaia ezagutu ditugu, kokoekin marrazten jarduten duen umea. Oraingoan, Iok lagun berri bi izango ditu, Mae eta Ur. Helburu bat dute hirurek: kokoei euskara irakastea, ez baitakite kokoen hizkuntza. Helburu hori baliatuta, euskarari marrazkiak ipini dizkiogu. Io, Mae eta Ur lagunek eskulanak, marrazkiak... erabiliko dituzte kokoei euskaraz irakasteko. Euskara eta marrazkiak uztartuz, eta oso modu grafiko sinplean, joko txikiak sortu ditugu eta euskararen presentzia erabatekoa da.
Beraz, euskarari lekua ematea izan duzue helburu.
Bai. Euskarak grafikoki pisu handiagoa hartzea gura izan dugu. Kokojokoa ere euskaraz da, euskara presente dago testuan eta ahotsetan. Baina, oraingoan, jokoan guztiz txertatuta dago euskara. Kokoek euskara ulertzea da jokoaren helburuetariko bat, eta gu geu koko bihurtzen gara. Hainbat gai (metamorfosia, eztia, ilargiaren sorrera...) jaso dugu bideojokoan, eta gai bakoitzari lotuta hainbat azalpen ematen da, oso era sinplean. Elhuyar Fundazioko Ana Galarragagaz lan egin dugu horretarako. Deskargatu daitezkeen marrazkiak eta material osagarria ere ipiniko ditugu webgunean. Baita Mae, Io eta Ur lagunei buruzko material grafikoa ere, doan hartzeko saretik.
Pozik zaudete emaitzagaz?
Oso pozik. Maek, Iok, eta Ur-ek kuadernotxo bat egin dute, eskulanak eta marrazkiak erabilita hainbat gai landuz: bideojokoaren irudi grafikoa da kuadernotxo hori. Gainera, joko bakoitzak, gai bakoitzak, beste hainbat joko barneratzen du. Helburua zazpi koloreak, zazpi margoak, aurkitzea da, eta hori lortzean sari bat izango dugu: dagokion gai horren zuri-beltzeko izenburuari zein kolore eman erabakitzeko aukera. Maeri, Iori eta Ur-i kuadernoa osatzen lagunduko diegu horrela, gu geu ere koadernotxo horren egile bihurtuta. Digitalki margotzeko aukera dago, eta ordenagailuan gordetzekoa ere.
Kokoen unibertsoa borobildu duzu?
Pertsonaia berriak egongo dira, seguru. Orain lau urtetik hona nire buruan daude, eta apurka-apurka irteten joango dira. Mae, Io eta Ur hor zeudela bagenekien, baina ez zuten itxura fisikorik, jokoan hartu dute forma. Hala ere, bagabiltza gauza berriak pentsatzen, elkarlan batzuk sortu guran... 2023an etorriko dira gauza berriak. Pixkanaka, pertsonaia horien atzean dagoen unibertsoa (izaera, bakoitzaren rolak, interakzioa...) azaleratzen joango gara, eta protagonismoa hartuko dute. Material berria sortzen den neurrian, hortxe egongo dira, kokoekin batera. Baita euren arteko harremana ere.
Nori zuzenduriko produktua da?
Umeei zuzenduta dago. Ni haur literaturatik nator eta hortxe sentitzen naiz erosoen. Baina, berez, marrazkiak gustatzen zaizkion edonorentzat da produktua.
Umeei marrazketa tailerrak emandakoa zara. Zertan laguntzen die umeei marrazteak?
Denean. Marraztea lengoaia bat da bere horretan, eta beharrezkoa dugu barrukoa ateratzeko, kanpokoa barneratzeko, edozertarako. Hezkuntza sisteman lanabes guztiz garrantzitsua da. Eta esparru pertsonalean ere beharrezkoa da, bai marrazketa bai irudi sorkuntza. Bizitzeko modu bat da niretzat. Lantzean behin jarduera batzuk egiten ditut eta haurrekin dudan kontaktu zuzen hori da niretzat garrantzitsuena.
Baduzu beste ezer gaineratzeko?
Aisialdiagaz loturiko proiektuetarako laguntzak daude eta lan asko sortzen da. Badago material bat sortua, baina ez zaio oihartzun nahikorik ematen, eta jendeak ez daki hor daudela. Umeari mugikorra edo tableta ematen diogu, baina ez dugu hautaketarik egiten, ez ditugu euskarazko produktuak bilatzen. Gehiago begiratzera animatu gura nuke jendea, egon badagoelako materiala.