Lara Izagirre zuzendari zornotzarrak bere proiektu berriaren sormen prozesua azalduko du Irudienean

Jone Guenetxea 2022ko abe. 8a, 09:00

Lara Izagirrek Pelikula baten bila proiektuaren sormen prozesua azalduko du Irudienean, abenduaren 10ean, 19:00etatik 20:00etara. Pelikula baten bila zuzendari zornotzarraren proiektua da.

Filmaren sormen prozesuak fase ugari izan ditu: tailerra, topaketak, grabazioa, muntaketa… Durangoko Azokan prozesuari buruzko irudi batzuk erakutsiko dituztela iragarri dute. Ikus-entzuleen feedback-a jaso gura dute proiektua garatzen jarraitzeko. Gariza Films ekoiztetxeak azaldu duenez, ezohiko bideari jarraitu diote filma sortzeko. Sorkuntza tailerra egin zuten eta, bertan, parte hartuko zuten zazpi emakumezko aktoreen bila hasi ziren. Martxoaren 28tik apirilaren 1era bitartean egin zuten hautaketa, Bilbon. Pelikula baterako sormen taldea aukeratzea zen asmoa. Proiektuaren prozesuaren berri emango du Lara Izagirrek Durangon.

Bestalde, Paul Urkiijoren Irati filma ere aurkeztuko dute Azokan. Oraindino zinemetan estreinatu ez den arren, hainbat jaialditan aurkeztu dute dagoeneko. Urkijo zuzendariagaz batera filmeko protagonistak diren Eneko Sagardoy aktore durangarra eta Edurne Azkarate izango dira Zugaza Zineman, Irudienean, abenduaren 10ean, 12:30ean.

Kimuak film laburrak
Kimuak film laburren barruan, Ainhoa Olaso durangarrak eta Enara Garciak zuzenduriko Hemen bizi da maitasuna film laburra proiektatuko dute. Maider Oleagaren Irrits eta Aitzol Saratxagaren Lanbroa ere ikusgai izango dira, abenduaren 8an, 19:00etan. 

Goiuria ikastola
Markel Onaindiak zuzenduriko Ilunetik argitara dokumentala proiektatuko dute abenduaren 11n, 17:30ean. Ikus-entzunezkoan Goiuria ikastolaren historia azaltzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!