“Bihotza hunkitzen dizun txotxongilo hori da politena; ez dago bat bestea baino hoberik”

Anboto 2022ko abe. 9a, 17:00

Izaskun Robledok eta Danel Iñurrietak orain 15 bat urte sortu zuten Kurunkun. Aurten lehenengoz bisitatuko dute Durangoko Euskal Denda, askotariko txotxongiloekin. Kurunkun-eko txotxongiloek lehenengoz bisitatuko dute Euskal Denda. Euren emozioak eta sentsazioak partekatuko dituen arima bikiaren bila etorriko dira, Kurunkan-eko txotxongiloak pertsonak lakoak direlako; ez daude berdinak diren bi.  

Noiz eta zelan sortu zen Kurunkun?
Gu biok haur hezitzaile aritu ginen urte askoan, haurreskola batean nahiz kaleko hezitzaile. Ikusi genuen bitartekariak oso erreminta lagungarriak direla esparru askotan binkulazioak sortzeko: familien artean, terapietan… Hau da, sormenez beteriko baliabideak eta gordetako informazioa kanpora ateratzeko baliagarriak direla. Umeek barruan daukaten potentzial guztia txotxongiloaren bidez atera dezakete, haiei hitza jarriz, jolastuz… Baina ez da umeen kasuan bakarrik. Nagusiekin ere berdin. Esaterako, gaitasun kognitiboa guztiz garatuta ez duten pertsonekin, txotxongiloak adierazkorrak direlako eta alderdi sentsorialarekin asko jokatzen delako. 

Seme-alabak dituzten familien kasuan, txotxongiloen bidezko komunikazioa alde bitarikoa izan daiteke. Gurasoek ere erabili ditzakete euren seme-alabengana heltzeko.
Bai, jakina. Askotan galdetzen didate: "Txotxongiloak zein adinetarako dira?" Nire ustez, 0tik 125 urtera artekoentzat dira, ez dago adinik. Aldatzen dena erabilera da. Irakasle eta terapeuta askok erosten dizkigute. Modu askotan erabiltzen dituzte. Esaterako, gelako pertsonaia berezi bat bezala. Zerbait kontatu behar denean txotxongiloa ateratzen dute. Orduan, kontalaria ez da jada irakaslea, baizik bizia eman dioten txotxongilo bat, izaera jakin bat duena.  

Zer ezaugarri hartzen dituzue kontuan txotxongiloak sortzerako orduan?
Txotxongilo mota asko dugu eta sarritan galdetzen didate: "Zein da politena?" Nire ustez, ez dago bat bestea baino hoberik. Bihotza hunkitzen dizun txotxongilo hori da politena. Beraz, horixe da gure erronka, hunkigarriak izan daitezkeen pertsonaiak sortzea. Batzuek beldurraren emozioa mugituko dute; otsoak, adibidez. Beste batzuek emozio samuarragoak; txakur edo katu txotxongiloek, adibidez. Batera zein bestera, adierazkorrak izan behar dira. Ikusi izan ditut ondo eginda egon arren transmititzen ez duten txontxongiloak, eta guri zerbait transmititu dezaten gustatzen zaigu.  

Txotxongiloaren eta umearen artean lotura berezia sortzen da.
Bai, lotura bat sortzen da. Gurasoek galdetzen didatenean ea zein txontxongilo erosiko duten seme-alabentzat, lehenengo jakin behar duguna da nork erabiliko duen txotxongiloa. Umeak bere kontura jolasteko bada, orduan bai, orduan umearen interesari begiratuko diogu. Baina gurasoak seme-alabekin batera arituko badira, orduan gurasoek eurek arakatu behar dute zein txotxongilok mugitzen dieten barrua, euren emozioa delako jolasean jarriko dena. Txotxongiloarekin sortutako lotura hori da jolasean jarriko dena eta umea maiteminduko duena.

Kurunkun sortu zenetik hona, zenbat txontxongilo desberdin sortu dituzue?
Aniztasuna hain da handia ezin dudala kopuru bat eman. Modelo batzuk ditugu eta horiei ezaugarri desberdinak jartzen dizkiegu. Sortzen ari garenean erabakitzen dugu txotxongilo bati soinekoa jarri edo zerbait makarragoa egin, zer kolore erabili, otsoari zer ile mota jarri, begiak elkartuago edo banatuago jarri… Horrek guztiak asko aldatzen du txotxongilo bakoitzaren esentzia. Azkenean, barietate bakoitza pertsonaia berri bat bilakatzen da. Askotan detaileak dira jendea txontxongilo batera edo bestera eramaten dutenak. 

Azoketan umeak txotxongiloei liluratuta begira-begira ikusten dituzuenean, sentsazio asebetegarria da zuentzat?
Bai, sentzasio hori izugarria da. Umeen begiek distira egiten dute eta harrituta geratzen dira. Ume batek txotxongilo batekin izugarri konektatzen duenean oso polita da. Txotxongiloari mugimendua ematea gustatzen zaigu. Hartzen dugu txontxongiloa eta bat-batean umeari begiratzen dio, eta nolabaiteko binkulazio hori hasten da. Honako honetaz konturatu gara askotan: umea txotxongilo batekin maiteminduta geratzen da; gurasoekin azoka guztia ikustera joaten dira eta, berriro itzultzen direnean, aurreko txotxongilo harek sentiarazitako sentsazio hori bilatzen dute berriro, ez beste bat.

Zer nobedade ekarriko duzue Euskal Dendara?
Beste txotxongilo mota batzuk egiten ere bagabiltza. Durangon berri bat estreinatuko dugu. Kono egitura du eta besoekin, buruarekin… janzten da. Konoak makila bat du barruan, eta makila luzatzean txontxongiloa konotik irteten da. Makilari beherantz tiratzean, ezkutatu egiten da. Bestelako txotxongiloak ere  eramango ditugu Durangoko Euskal Dendara: hatzetako txotxongiloak eta eskuetakoak, besteak beste. Denerik erakutsiko dugu.

Beste ezer gehitu gura duzu? 
Orain pare bat urte oihal ekologikoekin lanean hasi ginen eta Euskal Dendara begira oihal ekologikoen aldeko apustua egingo dugu: modelo gehiago, kolore gehiago…  Ekologikora bideratzen joateko apustu handia egiten ari gara. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!