“Historiaren tintontzian geratu zen Elurzuriren bertsio bat dela pentsatzea gustatzen zait"

Anboto 2022ko abe. 9a, 19:00

Grimm anaien jatorrizko ezkuizkribuetatik abiatu, pasarteak orduko sasoiko datu historikoen galbahetik pasatu eta ipuin klasiko honen bertsio berri bat ondu du Ander Berrojalbizek (Durango, 1983) 'Elurzuriren hiru heriotzak' ipuinean. Gaztelaniaz idatzia, euskarazko itzulpena Joseba Sarrionandiarena da. Azokan, euskarazko ipuina Pamiela argitaletxearen standean egongo da; gaztelaniazkoa Durangaldeko sortzaileen standean. 

Joseba Sarrionandia aurretik ezagutzen zenuen?
Bai. Aurretik beragaz elkarlanean aritu naiz Herejeen alaba liburuan. Orduan euskaraz  idatzi nuen, baina oraingoak kutsu literarioa du eta nirea baino hizkuntza erabilera landuagoa bilatu gura nuen. Berari planteatu nion eta baietz esan zidan. 

Nondik dator lan berri honen ideia?
Nire aurreko liburua, Akelarre, Euskal Herrian gorde den sorginkeria kasurik zaharrenaren gaineko ikerketa bat da. Prozesu horren transkripzioa argitaratu nuen lehenengoz, eta horren gaineko ikerketa ere bai. Bertan, Euskal Herriko nahiz Europako sorginkeriaren inguruko hainbat ezaugarri lehenengoz agertzen dira. Esaterako, salatu dituzten gizon batek eta emakume batek torturapean onartzen dute pozoituriko sagarrak banatu dituztela. Eta, jakina, hori irakurrita Elurzuriren ipuineko pozoituriko sagarraren pasartea datorkizu berehala burura. Ipuina berriro irakurri nuen eta konturatu nintzen Grimm anaiek argitaratutakoak ez zetozela bat Erdi Aroko historia iturriekin; labur esanda, Grimm anaiek nahastu egiten dituzte magiaren eta pozoien mundua. Kontu horrek susmo bat sortu zidan. Jakin nuen Elurzuriren ipuina argitaratu baino lehenagoko euren eskuizkribu bi zeudela. Horiek irakurri eta nire susmoa konfirmatu nuen. Eskuizkribu horietan dena Erdi Aroko magiaren eta pozoien munduaren barruko logikan dago. "Hemen badago materiala", pentsatu nuen. Ipuinean agertzen diren beste ezaugarri batzuetako iturri historikoak ikertu nituen. Aurkituriko guztiak ipuinari zentzu berri bat ematen ziola ikusi nuen. Hori guzti hori kontuan hartu dut liburuan. Ez dut ezer asmatu. Grimm anaien eskuizkribuak eta iturri historikoak erabili ditut. Historiaren tintontzian geratu zen bertsio bat dela pentsatzea gustatzen zait. 

Kontatzen den horretan eta kontatzeko moduan zer desberdintasun dago ezagutzen dugun bertsiotik?
Kontatzen dudanari dagokionez, Grimm anaien eskuizkribu haietatik oso gertu dago. Detaile txiki batzuk zuzendu behar ziren, eta, zelan edo halan, beste logika bat ere badu. Esaterako, geroragoko bertsioetan aldatu zuten arren, Grimm anaien eskuizkribu haietan zazpi nanoak ez ziren Elurzuriren laguntzaileak bakarrik, epaileak ere baziren. Nanoek Elurzuriri abisatu egiten diote, eta abisu bakoitza epaiketa bat dela ikusten da. Hau da, gertatzen zaizkion gauzen erruaren parte bat Elurzurirengan jausten da. Ez da alde bat guztiz maltzurra eta bestea erabat inozentea. Elurzurik baditu erne egoteko motiboak, baina hiru bider jausten da engainuan. Horrek guztiz aldatzen du ipuinaren zentzua. Kontatzeko moduari dagokionez, ipuinean zehar testu historikoak tartekatzen ditut, testuinguru bat emateko. Testuek zentzu berri hori indartu gura dute.

Zuriaren eta beltzaren muturrak agertzen dira, ala grisetik gehiago du muturretatik baino? 
Nire helburua ez da moraleja egoki bat uztea. Ez diot nire bertsioak moraleja hobea duenik. Elurzurik ez du merezi gertatzen zaiona, inork ere ez du hori merezi. Baina ipuinaren logikaren barruan badu bere buruaren ardura hartzeko modua, eta ez du hartzen. Azkenean, ipuinean beste zeozer ere bazegoela susmatzen nuen. Horren bila joan naiz eta aurkitu dudana erakutsi dut. Honako hau erakustea interesatzen zait: ipuina guk gaur egun galduta ditugun logiketan oinarrituta dagoela. Hau da, beste garai eta mundu ikuskera batetik datorren ipuina dela. Beraz, asmoa ez da moraleja berri bat plazaratzea, garai haietako mundu ikuskerara begiratzeko leiho bat zabaltzea baino. 

'Elurzuriren hiru heriotzak' izenburuak amaiera tragikoa iradokitzen du.
Tira, ipuinean ez dago printzerik. Hori aurreratu dezaket. Hortik aurrerakoa irakurleak deskubritu beharko du.

Umeentzako ala helduentzako ipuina da?
Helduengan pentsatuta idatzi dut, baina 11 urteko gure alabak irakurri du eta gustatu zaio. Ez dago ume batek irakurri edo entzun ezin dezakeen ezer, baina heldutasunetik etekin gehiago atera dakiokeela uste dut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!