“Sinesmenek eta pertsonaia mitikoek jakin-mina piztu didate betidanik”

Aritz Maldonado 2022ko abe. 10a, 10:00

Xabier Olaso idazle otxandiarrak beste urte oparo bat izan du aurten. 'Galtzagorriak dabiltza etxean' eta 'Ilargian kulunkantari' bildumako ale berri bi kaleratu ditu.

'Galtzagorriak dabiltza etxean'. Zeri buruzkoa da?
Izenburuak berak adierazten duenez, galtzagorri batzuk dira protagonista nagusiak, eta etxe barruan gertatzen dira pasadizo guztiak. Hona hemen, laburrean esanda, kontakizuna zertan den: ordu txikitan ipuin bat idazten zebilela, lo seko geratu zen Xabier. Ahots batzuek iratzarri zuten bat-batean. Begiak zabaldu, eta galtzagorri batzuk ikusi zituen ingurumarian. Lau ziren guztira, Katixa, Otili, Zermin eta Addi, zein baino zein xelebreagoa. Lagun prestuak ere baziren eta buru-belarri lagundu zioten Xabierri bere idazle eginkizunean.

Liburua Ibaizabal argitaletxeak kaleratu du, Matxinsalto bilduma eraberrituan.

Mitologia zalea zara?
Naturaz gaindiko mundu ezkutu hori oso interesgarria da. Sinesmenek, pertsonaia mitikoek, elezaharrek eta kontu horiek guztiek jakin-mina piztu izan didate betidanik. Galtzagorriak bereziki interesgarriak zaizkit euren ezaugarri bitxiengaitik: txiki-txikiak dira,  gizakiei lanik harrigarrienetan laguntzen diete, orraztokian ezkutatzen dira… Izaki maitagarri horiek haurren irudimena pizteko erabili ditut liburu honetan. Baina liburuko lau galtzagorriak gaurko garaietara ekarriak dira; horietariko bat, esaterako, punkia da, eta beste bat hitz eta pitz ibiltzen da sakelako telefonoaz. Ipurterre eta bihurri samarrak dira denak.

Hainbat balio sustatzen du liburuak. Zeintzuk?
Kontakizunaren luze-zabalean umorea gailentzen da, galtzagorrien joan-etorriek  joko handia ematen dute-eta horretarako. Beste balio askoren zantzuak ere badira, baina adiskidetasuna nabarmenduko nuke denen artean.

Zelako garrantzia du umeekin irakurzaletasuna lantzeak?
Garrantzi handia, zalantzarik barik. Irakurtzeak ekarpen handiak egiten dizkio umeari; bere ezagutza handitzeko eta mundua hobeto ulertzeko balioko dio. Gainera, liburuak irakurrita bere trebetasunak garatuko ditu eta sarri askotan emozionatzeko aukera izango du. Irakurtzea kontaktua da, eta oroitzea, eta irudikatzea, eta beste pertsona batzuen azalean ipintzea... Baina, batez ere, gozatzea da, eta ondo pasatzea.

Manu Ortegak egin ditu liburuko ilustrazioak. Zelan lanean beragaz? Ezagutzen zenuen aurretik?
Entzunda nuen bere izena, baina ez nuen ezagutzen. Bartzelonan bizi arren, haur eta gazte literaturako beste liburu askotarako egin ditu ilustrazioak, eta esperientzia handikoa da. Ilustratzaile handia da eta niretzat pozgarria izan zen liburuaren jantzia bere esku jartzea. Testutik abiatuta, irudi eder eta koloretsuak sortu ditu. Honako eta halako ñabardura asko zegoen testuan eta ez zuen lan erraza, baina ederki asmatu duela esango nuke. Idazlearentzat betiere sorpresa handia izaten da norberaren lana irudien jantziaz ikustea. Nik, behintzat, miresten dut ilustratzaileen lana.

Bestalde, 'Ilargian kulunkantari' bildumako beste ale bi kaleratu dituzu.
Bai, halaxe da, eta, ohikoa denez, Pamiela argitaletxearen eskutik etorri dira. Haurtxoa izena du batak, eta Txoriak kantari besteak. 'Ilargian kulunkantari' saileko ale bakoitza ariketa poetiko bat da, begia hezteko eta belarria gozatzeko. Errima eta erritmoa erantsita dituzte. Azken liburu bi hauek ere besteen orpotik etorri dira, eta 14 izenburuk osatzen dute bilduma dagoeneko.

Baduzu beste proiekturik esku artean?
Bai, normalean beti izaten dut zeozer buruan egosten. Hurrengoan, han-hemenka ditudan hainbat ipuini ipini gura nieke arreta; horiek ordenatu, berridatzi, zuzendu… Baina, batez ere, idazten dudan gauza guztiekin gozatzea da nire helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!