“Ikutzeko, mugitzeko, kantatzeko, apurtzeko eta zikintzeko poemak dira 'Poltsikorako poemak'”

Ekaitz Herrera 2022ko abe. 9a, 10:42

Amaia Egidazu Arrube idazle eta ilustrazaileak (Durango, 1981) eta Saroa Bikandi López literatur bitartekariak (Durango, 1978) 'Poltsikorako poemak' liburuxka sorta kaleratu dute. Durangaldeko argitalpenen standean eskuratu daiteke. "Jolasteko egindako lana" da Bikandirena eta Egidazurena, autoedizio bidez sortu, idatzi eta ilustraturiko lana. Eskuekin hartu, tolestu, markatu, zikindu, apurtu eta edonora eramateko poemak direla diote. Eurek argitalpena sortzerakoan beste gozarazi gura dituzte umeak.

Poltsikorako poemak sortu dituzue. Hau da, poemak edonora eramateko moduko argitalpena da?
Saroa Bikandi: Bai, horixe da kontzeptua. Erabiltzeko, ikutzeko, mugitzeko, abesteko, apurtzeko poemak dira. Hau ez da liburu bat. Liburu bat zaindu egiten dugu normalean, baina hau ez, honek apurtuta amaitzea du helburu. Zikintzeko, edonora eramateko, gurasoen poltsa barruan eramateko liburuxkak dira. 

Horrelako argitalpen formatuak sortzeko beharrizana ikusi duzue? Euskarri berriak sortzekoa?
Amaia Egidazu: Ikusi dugu umeengan, umeen zein helduen arteko hartu-emanetan, oso funtsezkoak direla berbak, jolasa, errimak, erritmoa. Askotan, poema liburuak hartzen ditugunean, ez dakigu zelan kontatu. Guk poematxo hauek irudiz jantzi eta poema bera jolas bihurtu ditugu. Zelanbait, beste irakurketa bat ahalbidetzen du, ez bakarrik ahoz, baita irudi bidez ere.
Saroa Bikandi: Formatuak berak proposatzen du irakurtzeko edo jolasteko erritmoa. 

Sei liburuxka osatu dituzue. Zein gai landu dituzue eta zelakoa izan da sortze prozesua?
Saroa Bikandi: Ez dago gairik (barrez).
Amaia Egidazu: Liburuxketariko bat, Lasterketa deiturikoa, Berbaro elkarteak antolaturiko ilustrazio tailer batean hasi nuen. Irati Egurenek eman zuen tailerra. R hizki asko duen istoriotxoa da. Ideia lez asko gustatu zitzaidan. Kontua da Saroak eta biok lehendik elkar ezagutzen genuela. Hemen hasi zen gure elkarlana, Bizenta Mogel bibliotekan, zapatu goiz batean kasualitatez bat egin genuenean. Elkarri gauzak komentatzen hasi eta nire ideiaren berri eman nion Saroari. Konturatu ginen nik buruan neukan ideiak eta Saroak buruan zeukan beste ideia batek, 'Poltsikorako poemak' proiektuak hain zuzen ere, bat egiten zutela, guztiz. Zergaitik ez dugu elkarregaz egiten?, esan genuen. Eta halantxik hasi ginen. 
Saroa Bikandi: Abiapuntua eta gaiak oso libreak izan dira. Gustuko genituen poema batzuk euskaratu ditugu, beste batzuk sortu. 
Amaia Egidazu: Gero badago poema bat niretzat bereziki kutuna eta berezia dena: 'Goizaldean'. Nik ahozkotasunetik jasoriko bertsoa da. Aittitte Gregoriok behin eta berriro abesten zuen bertsoa etxeko sukaldean. Kariño berezia diot eta omenalditxo bat egin gura nion aititari, bertso honek beste belaunaldiengan ere iraun dezan. 

Zein adin tarteri begirako poemak dira?
Saroa Bikandi: Urte bitik aurrera erabili daitezkeela esango nuke. Dena dela, adina ipintzea oso gatxa da, poemak oso era desberdinean erabili daitezkeelako, bitartekaritza desberdinetan. 
Amaia Egidazu: Adin bakoitzak zerbait desberdina jasoko du. Batean errimari, erritmoari edo kantuari erreparatuko diote. Beste batean irudien interpretazioari. Adinean gora doanak beharbada zerbait deskubrituko du urte bikoak deskubrituko ez duena. Baina urte bikoak R hizkiaren soinua, bibrazioa, jasoko ditu argitalpenetako batean.  

Ikusten da poemak lantzerakoan zuek biok ere primeran pasatu duzuela.
Saroa Bikandi: Bai, bai. Barre mordoa egin dugu. 
Amaia Egidazu: Egia da. Asko dibertitu gara. Berez gu ez gara ilustratzaileak, baina ildo bati jarraitu diogu, estetika bati. Ilustrazioetariko batzuk Saroak egin ditu. Beste batzuk nik. Collage teknika erabili dugu eta piloa jolastu gara. 

Non eskuratu daiteke 'Poltsikorako poemak'?
Saroa Bikandi: Durangoko Azokan (Artekale 25-26) eta Durangaldeko dendetan ipiniko dugu salgai; guk eskaintzen ditugun saioetan ere bai.
Amaia Egidazu: 200 aletxo aterako ditugu. Ondo saltzen bada gehiago aterako ditugu; bestela, poltsikoan gordeko ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!