“Oso liburu praktikoa da, baliagarria ikasleentzat zein fotokazetaritza landu gura duen beste ororentzat”

Ekaitz Herrera 2022ko abe. 10a, 13:00

María Gorosarri González (Durango, 1978) Euskal Herriko Unibertsitateko kazetaritza irakaslea da. Fotokazetaritza lantzeko gidaliburua kaleratu du, ikasleentzat zein jendarte orokorrarentzat baliagarri izan dadin. Argitalpena Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik kaleratu du.

Nondik sortu da fotokazetaritza lantzeko eskuliburu hau?
Fotokazetaritza irakasten nabil 2016tik, eta orain arte ez da egon horretarako ikaslibururik. Ingelesezko eta alemanezko liburuak erabili izan ditut. Udako Euskal Unibertsitateak unibertsitate mailako euskarazko eskuliburuak sortzeko diru poltsak antolatzen ditu eta euretariko bat irabazi nuen orain urte bi. Urtebeteko epea nuen liburua idazteko. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan fotokazetaritzari buruzko eskuliburua euskaraz izatea. Argazkigintzaren inguruko hizkuntza teknikoa estandarizatu barik egon da euskaraz. Horretarako balio izan du. Horrez gainera, argazkiak kazetaritzaren ikuspegitik lantzeko aukera eskaintzen du, Arte Ederretatik aparte. 

Horrenbestez, liburu akademikoa da? Nori zuzenduta dago?
Oso liburu praktikoa da, ikasleek erabiltzeko modukoa, baina beste edozeinentzat ere bada baliagarria. Zergaitik? Liburuko lehenengo ataletan, argazkiak zelan atera eta irudia zelan konposatu zehazten dudalako, besteak beste. Gero badago beste zati bat irudiak software bidez lantzekoa. Erabiltzen ditudan software guztiak askeak dira. Hau da, edozeinek erabili ditzake.  

Liburuan zein atal batu dituzu?
Lehenengo atalean argazki kameraren ezarpenak lantzen ditut; bigarrenean, konposizioa; hirugarrenean, tratamendu fotografikoa. Hortik aurrera, Fotokazetaritzaren historia jaso dut. Ingalaterrako eta Alemaniako une historikoei erreparatu diet. Espainiako ikuspegia euskaraz ematea saihestu guran, goragoko iturrietara jo dut hori gureganatzeko, Europako ezagutzara. Hango aro historikoak errespetatuta, gure herrialdean, euskarazko prentsan, zein egoera zegoen aztertu dut. Horrez gainera, fotokazetari ezagunei buruzko lanak jaso ditut. Esfortzu berezia egin dut, batzen dudan gizonezko bakoitzeko emakume bat topatuta. Azken hauek isilpean geratuko ziren bestela. Parekidetasun osoz ekarri ditut.

Euskarazko prentsa aipatu duzu. Zer jaso duzu liburuan?
Esate baterako, Euskal Herriko euskarazko prentsan irudia erabili aurretik, 1896an Californiako Eskual Herria aldizkarian, Ameriketako Estatu Batuetan, irudiak erabiltzen zituztela ikusi dezakegu. Eta, jakina, hori ere euskarazko prentsa da. Argazkiak ez, baina irudiak erabiltzen zituzten.

Fotokazetaritzaz gabiltzala, hausnarketarako galdera. Irudiaren aro honetan, zein leku du fotokazetaritzak?
Esaten da testua Interneten ezagutu badugu, hori, batez ere, konexio kaskarra izateari zor zitzaiola. Gaur egun, konexio onak ditugunez, zuzenean jo dugu irudira. Egia da irudia gaur egungo kulturaren ezaugarri nagusietariko bat dela. Fotokazetaritzak hor daukan egitekoa argazkien eginkizuna zehaztea da. Izan ere, edozein argazkik ez du informaziorik ematen, eta edozein argazkik ez du balio gertakari bat azaltzeko. Adibide modura, Kevin Carter argazkilariaren irudirik ezagunena baliatuko dut. Carterrek Sudango gosetea islatu zuen ume bat eta haren atzean zegoen sai bat irudian hartuta. Irudiak iradokitzen du saia umearen zain dagoela, baina hori ez da egia. Saiak ez zuen neskatoa jan. Neskatoa altxatu egin zen eta aurrera egin zuen. Argazkiak, une horrek, segundo horrek, ez du errealitatea islatzen, baina bai egoera. 

Ukraina, 2004ko tsunamia Thailandian, Irailaren 11,... fotokazetaritza ezinbestean dago gertakari esanguratsuei lotuta?
90eko hamarkadan, Jugoslaviako gerrek joera bat ezarri zuten fotokazetaritzan. Lehenengoz, pertsona zuriak agertzen ziren argazkietan kaltetuta. Horrek irudi kontsumorako joera bat ezarri zuen. Gervasio Sánchez fotokazetari espainiarrak dio Balkanetako gerrak amaitu zirenean Europan ez zegoela beste argazki iturririk, eta, horrenbestez, Afrikako gerra krudeletara joan behar izan zutela hango irudiak oso gogorrak zirelako. Zer gertatu da gaur egun? Irudi gogor horietara ohitu garela. Zuk aipaturiko kasu horiek ez gaituzte ikaratzen. Zelanbait, enpatia galdu dugu katastrofeen aurrean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!