“Kontakizun baten arrasto edo keinuak biltzeko saiakera egin dut 'Keinura Itzuli' liburuan”

Maialen Zuazubiskar 2022ko abe. 7a, 09:13

Elena Olave idazle durangarrak bere bigarren lana argitaratu berri du. 2019an 'Zeldak. Gorputz honetatik' lana kaleratu zuen, eta orain 'Keinura itzuli' poema liburua publikatu du. Durangarraren azken lan honek 57 poema jasotzen ditu eta Susa argitaletxeagaz kaleratu du. Olavek abenduaren 8an aurkeztuko du 'Keinura itzuli', 18:00etan, Ahotsenean. 

'Keinura itzuli' lana kalean da jada. Zer moduz zaude?
Egia esan, pozik, oso pozik. Gainera, prozesu bati amaiera eman ahal izan diot eta alde horretatik lasai nago. Baina, egia esan, beste alde batetik urduri ere banago. Azken batean, lana argitaratzeak zelanbaiteko esposizio publiko bat eragiten du, eta horrek urduritu egiten nau. 

Jaso duzu ingurukoen feedback-ik lana dela eta? Irakurleen iritziak urduritu egiten zaitu?
Ingurukoena ez dut jaso oraindino. Liburua argitaratu aurretik, idazten duten beste lagun batzuei pasatu nien irakurtzeko. Euren iritziak eragina izan zuen azken emaitzan, eta liburua argitaratzen lagundu didate. Asko eskertzen dut hori. 

Jendeak liburua irakurtzeak baino gehiago, argitaratzeak berak atzetik dakarren guztiak urduritzen nau.  Hau da, plaza publikoan egoteak dezente gehiago urduritzen nau. 

Lanari dagokionez, zer aurkituko du 'Keinura itzuli' liburua erosten duenak?
Poema ezberdinak dira. Aurkezpenean aipatu nuen lez, istorio edo kontakizun baten arrasto edo keinuak biltzeko saiakera egin dut. Liburuan, zelanbait, istorio bat eta istorio hori kontatzen duen ahots edo eskuaren pentsamendu eta hausnarketak tartekatzen dira. Hori guzti hori formatu poetiko batean. Hala ere, ez da istorio oso bat, arrasto modukoak dira. 

Liburua ez duzu ataletan banatu.
Hasieran liburua atal bitan banatzea pentsatu nuen. Alde batetik, kontakizuna edo istorioa izango zena. Eta, bestetik, istorio horren edo idazketaren inguruko gogoeta bat. Baina edizio prozesuan zehar, Leire L. Ziluaga editoreagaz batera, pentsatu genuen zentzu handiagoa zuela kontakizuna eta idazketari buruzko idatziak tartekatzea. Azken batean, bizitza eta testua bera ere batera edo nahastuta interpretatzen nituelako, zelanbait esateko. 

Pertsonalki zer suposatzen du zuretzat lan honek?
Keinura Itzuli poema liburua idazketa prozesura itzuli izanaren ondorio bat da zentzu batean. Beste alde batetik, ikerketa eta lan prozesu baten emaitza ere badela esango nuke. 

Zein denbora tartetan idatzi duzu liburua?
Liburuan agertzen diren poemak 2020ko udan idazten hasi nintzen. 2020tik 2022ra bitartean idatzitakoak dira, baina, egia esan, azken urte honetan eman dizkiot zentzua eta egitura liburuari.    

Amaitzeko, zure lana Durangoko Azokan egongo da eskuragarri, eta, gainera, Ahotsenean aurkeztuko duzu. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Alde batetik, pozik nago. Azken batean, lagunekin eta ingurukoekin partekatu ahal izango dut, modu batera edo bestera, liburuak suposatzen duen esperientzia. Gainera, Leire Vargasegaz batera egongo naiz Ahotseneako solasaldian eta hori oso berezia da niretzat. Leire laguna dut eta, literatur kidea ere badenez, seguru nago oso esperientzia polita izango dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!